GARA
BIGARREN MAILA

Amorebietak amore eman du, bigarren zati osoa hamar jokalarirekin jokatuz

Atsedenaldira iritsi aurretik, markagailua 0-0 zela, epaileak Felix Garreta kanporatu zuen txartel gorriarekin. Bigarren sailkatua den Valladolidek egoera hau bikain aprobetxatu zuen eta hiru gol egin zituen bigarren zatian, Lezamatik garaipena eramateko.

Morcillo, burumakur, Valladoliden aurkako partida amaitu berritan.
Morcillo, burumakur, Valladoliden aurkako partida amaitu berritan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Amorebietak azken jardunaldietako bolada ona eten behar izan zuen atzo. Bigarren sailkatua den Valladoliden aurka galdu zuen Lezaman, baina bizkaitarrak hamar jokalarirekin geratu zirenean. Izan ere, Felix Garreta kanporatu zuen epaileak 40. minutuan, markagailuan 0-0ekoa zegoenean, eta bigarren zatian kanpokoek hiru gol sartu zituzten garaipena lortzeko.

Azken 30 puntuetatik 21 eskuratu ondoren, emaitza honekin Amorebietak jaitsiera postuetan jarraituko du. Hala ere, baditu oraindik arrazoiak baikorra izateko; atzoko porrota nola gertatu zen ikustea besterik ez da egin behar.

Jandro Castro bizkaitarren entrenatzaileak Ryan Edwards mantendu zuen hamaikakoan, nahiz eta Morcillo osaturik egon. Australiarrak partida ona egin zuen aurreko jardunaldian Levanteren aurkako garaipenean (1-2) eta saria jaso zuen atzo. Valladoliden, ordea, Pablo Pezzolano uruguaitarrak erasoko hiru jokalariak aldatu zituen. Gainera, azken momentuan beste aldaketa bat egin behar izan zuen, Javi Sanchez hasierako hamaikakoan egon behar zuenak ezin izan baitzuen azkenean jokatu. Honen ordez Enzo Byomo zelairatu zuen.

Kontuak hala, neurketako lehen aukerak etxekoenak izan ziren. Edwardsek eta Lasurek arrisku askorik gabeko jaurtiketak egin zituzten. Valladolideko Anuarrek erantzuna eman zien, baina Magunagoitia “Amore’ko atezaina oso sendo aritu zen.

Lehen saiakera hauek benetako aukerei bide eman zieten. Argiena 19. minutuan iritsi zen; kanpokoen defentsak huts galanta egin zuen, baina Edwardsek ez zuen ate aurrean asmatu eta Amorebietaren lehen aukera garbiak alde egin zuen.

Magunagoitiak Valladoliden saiakera gehiagori erantzun behar izan zien; Raul Moro izan zen lehena probatzen, eta Escudero bigarrena. Tartean, Unai Bustinzak langa gainetik jaurti zuen baselina saiakera bat Dorrioren erdiraketa batean.

JOKALDI ILUNA

Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, dena okertu zen. Anuarrek Felix Garretari baloia lapurtu zion eta jokaldia Etxeitak ekidindako Negredoren jaurtiketa batekin amaitu zen. Epaileak VARean jokaldi hasiera aztertu eta Garreta txartel gorriarekin kanporatzea erabaki zuen.

Jokalari bat gehiagorekin ari zela kontuan izanda, Valladolid topera atera zen bigarren zatian eta sei minututan partida apurtu zuen, Escuderok bi gol egin baitzituen estrategiako bi jokalditan. Neurketa erabakita zegoela, hirugarren gola iritsi zen. Marcos Andrek Amath Ndiayeren pase on batez baliatu zen Magunagoitiaren aurrean gola sartzeko.