GARA
DONOSTIA

Josu Ordoñez donostiarra aske geratu da, 22 urteko kartzelaldia eta zigorra osorik bete ostean

Josu Ordoñez Fernandez, Zaballatik atera berri.
Josu Ordoñez Fernandez, Zaballatik atera berri. (ETXERAT)

Euskal preso bat gutxiago dago atzoz geroztik, Josu Ordoñez Fernandez donostiarrak espetxe zigor osoa bete baitu. Guztira 22 urte eta hiru hilabete eman ditu preso, etenik gabeko espetxealdian, espainiar eta frantziar estatuetako hainbat kartzelatan gatibu, atzo Zaballako kartzelatik aterata askatasuna berreskuratu zuen arte. Frantziar Poliziak atxilotu zuen 2002ko urtarrilaren 31n, Bordelen, beste bost euskal herritarrekin batera, ETAko kidea izatea egotzita, eta hasieran zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Pariseko auzitegi bereziak. Uzerchen bete zuen zigor horren parte nagusia, etxetik 450 kilometro ingurura zegoen espetxean.

PUERTO DE SANTA MARIA

Kondena hau bete aurretik, ordea, 2006. urtean aldi batez Espainiaratu egin zuten Josu Ordoñez, Madrilgo Auzitegi Nazionalean ere epaitzeko, eta zigor berria erantsi zioten orduan preso donostiarrari.

Espainiar Estatuan ere urte ugariz izan zuten gatibu gipuzkoarra, Penintsulako beste muturrean, Cadizeko Puerto de Santa Mariako kartzelan, etxetik 1.000 kilometro baino gehiagora, baldintza oso gogorretan.

Hiru hamarkadaren ostean Pedro Sanchez buru duen Gobernuak abiatutako euskal preso politikoen hurbiltze prozesuan, hasieran Salamancako Topaseko espetxera eraman zuten, 2021. urtean. Azken urte honetan Euskal Herrian izan da preso Josu Ordoñez Fernandez, Zaballako kartzelan, hain zuzen ere.

Arabako kartzela da, hain zuzen ere, gaur egun euskal preso politiko gehien biltzen dituena: 64 daude bertan, Etxeratek argitaratuta duen zerrendan agertzen denez. Beste 28 daude Martutenen preso, hamabi Basaurin, sei Iruñean eta beste sei Lannemezanen.

Etxean preso direnekin, hau da, espetxealdi arinduan edo bestelako prozedura administratibo batzuen bitartez, osatzen da gaur egun zigorra betetzen ari diren 138 presoen kopuru osoa.