Ariane KAMIO
DONOSTIA
«TASIO» FILMAREN BERROGEIGARREN URTEURRENA

«Tasio» filmaren bertsio berritua Cannesko jaialdira iritsiko da

Nafarroako lurretan grabatu eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zenetik lau hamarkada bete direnean, Montxo Armendarizen «Tasio» filmaren bertsio berritua eskainiko du Cannesko jaialdiak. Ikazkin haren irudia memoria kolektiboan txertatuta geratu da ordutik; orain, zaharberritze lan batek berriro pantaila handira dakar.

Cannesen erakutsiko den «Tasio» berrituaren kartela.
Cannesen erakutsiko den «Tasio» berrituaren kartela. (EUSKADIKO FILMATEGIA)

Cannesko jaialdiak atzo arratsaldean aditzera eman zuen albistea. Montxo Armendarizen (Olleta, 1949) “Tasio” lan enblematikoa nazioarteko zinemaldi ospetsuan eskainiko da datorren maiatzean. Izan ere, Tasio ikazkinaren egunerokoa erakusten duen lanak -Armendarizen opera prima izan zen- berrogei urte bete ditu aurten eta, okasiorako, zaharberritze prozesu batetik igaro da. Zehazki, Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategia arduratu da bertsio hau ontzeaz, Armendariz beraren ikuskaritzapean eta Euskadiko Filmategiaren babesarekin. Negatibo originalak berraztertu eta 4K bereizmenera moldatzea lortu dute.

Maiatzaren 14tik 25era izango den Cannesko jaialdiak ez du oraindik zehaztu zein egunetan ikusi ahal izango den bertsio digital eta berri hau, baina webgunean aurreratu du zuzendari nafarra bertan egongo dela.

“Tasio” lan ikonikoa da zinemagintzan, Armendarizen beraren filmografiaren zati handi bat bezalatsu. 80ko hamarkadan osorik Nafarroako lurretan grabatua, esan liteke film honek aurrekari batzuk izan zituela.

Hain zuzen, 1981ean Erriberari buruzko Ikuska serieko film laburra egin zuen, eta “Nafarroako ikazkinak” dokumental etnografikoa ere bai. Azken honetatik sortu zen “Tasio”-ren hari nagusia.

Natura ardatzean jartzen du Armendarizek, Lokiz mendilerroan askatasunean bizi den Tasio pertsonaia nagusiaren bitartez. Oraindik haurra dela, eta etxeko beharrizanek bultzatuta, aitarekin lanean hasiko da. Txondorrak egiten laster bihurtuko da mutiko iaioa eta azkar ikasiko du ikazkinaren ofizioa. Patxi Bisquert aktorearen ibilbidean paper garrantzitsuenetako bat ere bada Tasioren azalean egindakoa.

Heldutasunera iristean, Paulina gaztea ezagutuko du eta jaietako dantzaldiak eta beste baliatuko ditu zuzendari nafarrak, herri txikietako egunerokoa eta biztanleek naturarekiko duten lotura erakusteko. Harekin ezkondu eta Tasio bere inguruaren eta ingurukoen bizimodu aldaketaren lekukoa izango da. Herria atzean utzi eta hirietara lanera doazen lagunak izango ditu aurrez aurre. Baina Tasiok nahiago izango du bere biziari zentzua eta oinarria ematen dizkion herrian geratzea, naturak txikitatik eskaini dion askatasunarekiko katea ez apurtzea. Ikazkina izateaz gainera, herri txikietan bizi den jendeari lotu izan zaion bizkortasunaren erakuslea ere izango da protagonista. Izan ere, benetako pertsonaia batean oinarritu zen Armendariz, Tasioren nortasuna asmatzeko garaian. Anastasio Otxoa Ruiz ‘Tasio’ zuñigarra izan zuen inspirazio iturri, hura ere ikazkina eta, Tasioren antzera, ehiztari eta arrantzale azkarra eta mendi inguruetan oso trebea.

Montxo Armendarizen zinemagintza erreferentzia bihurtu da azken urteetan. “Tasio” bere lehenengo lanetik, konpromiso sozialari helduz ikuspuntu partikularra duten hamaika film etorri dira ondoren. Hurrenkera kronologikoari jarraituz, “27 ordu” iritsi zen 1986an. 80ko hamarkadako Donostian girotua eta Martxelo Rubio eta Maribel Verdu protagonista zituela, heroinaren mundura eta gazteen egunerokora hurbildu zuen bere jakin-mina zuzendari nafarrak. Nabarmena izan zen, gainera, honekin lortutako arrakasta: Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen eta Montpellierko jaialdian Film Onenaren saria eman zioten.

Lau urte geroago iritsi zen “Las cartas de Alou” film luzea. Kasu horretan, etorkinak herrialde berrietara migratzerakoan jasaten duten arrazakeriari erreparatu zion, eta honek ere hauspo bikaina eman zion Armendarizi. Urte horretan jaso zuen Zinemaldiko Urrezko Maskorra, baita Goya sari bat ere.

Begirada pertsonaleko zinegilea da Olletakoa, eta hori nabarmen ikusten da bere filmetan. Hemengo zinemagintzako talentu berezienetakoa da berea, eta horren adibide da ere “Historias del Kronen” (1994) filma. Nork ez du gogoratzen, bada, Aitor Merino gazte hura, Madrilgo uda beroan, lagun arteko eguneroko zoro -eta aske- horretan murgildurik? 2020an bete zuen mende laurdeneko ibilbidea Jose Angel Mañas idazlearen liburuan oinarritutako obrak, eta honek ere iruditeria kolektiboan ikono gisa bizirik jarraitzen du.

Nazioartera begira are gehiago jarri zuen, ordea, “Secretos del corazón” (1997) lanak. Armendarizek mundu txiki eta berezi batean sartu zuen bere kamera, haurtzaroko ikuspuntua ardatz hartuta, helduen mundurainoko bidea egiten baitu, bertan Andoni Erburu protagonista zela. Filmaketaren zatirik handiena Otsagabiko lurretan eginda, mundura zabaldu zen lana izan zen. Lau Goya sari jaso zituen -Erburuk berak lortu zuen horietako bat-, Berlingo zine jaialdian Europako Film Onena izendatu zuten eta Oscar sarietarako izendapen bat ere jaso zuen.

2001ean frankismo garaira gerturatu zen “Silencio roto” filmarekin, eta 2005ean zinemagintzan ikono bilakatuko zen lan berri bat estreinatu zuen, Bernardo Atxagaren “Obabakoak” obra literarioan oinarritutako “Obaba”. Idazle asteasuarraren unibertsora zuzenean sartu zen Armendariz, naturaren misterioa, ezezagunaren bilaketa, begiradak eta jarrerak aztertuz. Goya sarietarako hamar hautagaitza jaso zituen, baina azkenean bakarrarekin konformatu behar izan zuen.

2011koa da haren azken sorkuntza: “No tengas miedo”, jazarpen sexuala oinarri duen lan errealista bezain gogorra.

Ez da nolanahikoa, hortaz, Armendarizek bere gain daraman ibilbide zinematografikoa. Esku magiko bat da gure zinemagintzan, ikuslea unibertso zehatzetara eramateko gai den zuzendaria, batzuetan asko arriskatuta ere, bereizgarriak diren hainbat filmen egiletza baita berea. Eta hurrengo hitzordua Cannesen izango da, “Tasio” harribitxi berrituarekin. Enblema berritu batekin.