Jose Ignazio ANSORENA
KOLABORAZIOA

Nire sentimendua

Nere sentimentua / nahi det deklaratu.

Jose Joakin Urbieta “Kaskazuri”ri bertsotan deklaratu zion sentimendua Ameriketatik Antonio anaiak. Orain gutxi Athleticen finala zela eta, hitz horixe errepikatu da behin eta berriz, sentimendua: Hau ez dago xehatzerik, sentimendua da. Bakarra dela ere sarri gehitu zaio. Berdintsu diote Real edo Cadizko zaleek, baita Aviron Baionnaisekoek ere. Eta zer esanik ez donostiar askok Danborradaz blai daudenean edo Calanda, Moratalla, Tobarra, Badajoz edo Agramonekoek Tamborada jotzeko elkartzen direnean. Ongi berezi behar Tamborrada eta Tamborada. Prest daude batzuk hori defendatzen bizia emateko ere, sentimendurako irain gisan sentitzen baitute.

Igaro berri dugun sentimendu kolektiboen irakinezko txanpa luzearen ondoren, merezi dugu txolarte txiki bat lasaitasunerako. Sentimendu edo emozioak gure energia gehienaren iturburua dira eta, ez konturatu arren, gure ekimenen bultzatzaile nagusiak. Baina, kontuz sentimenduekin. Hezetasuna onddoentzat nola, haztegi izan daitezke gehiegikerietarako. Egitiagatikan desio nuena, geroztik triste dabil, ai!, ene barrena. Horregatik interesdunek bultzatzen eta hauspotzen dituzte sentimenduak gerrak sortzean, publizitatean erosarazteko, bozkak irabazteko eta tankera guztietako gezurrak sinetsarazteko. Komeni da sentimenduak xeheki pasatzea adimen eta zentzu etikoaren iragazkitik.

Sentiberatasun kolektibo sentikorrena areago sentiarazteko, sentimendu horiek berotzen, gartzen eta neurritik ateratzen dituzten beste osagarriak badira: artaldekeria, alkohola eta drogak, zarata, errepikapenak... Horiek denak batu dira Akabera horretan. Betekada izugarria izan da eta, dagoeneko tarte bat pasata, errazago kontura gaitezke. Askok ez dute ikusi nahi izango, noski, hain ondo pasatu dute eta hurrengoaren zain daude.

Gipuzkoar askori, agian beste batzuei ere, horrek denak gorroto-inbidia sentimendua sortu die. Horixe sentimendu desegokia. Xabi Alonso Athleticek entrenatzaile kontratatzen duenean, ez dut jakin ere nahi nola jarriko diren. Aitortu behar dugu Athletic dela Euskal Herriko futbolari talde nagusia. Gipuzkoakoa Reala den bezala. Donostia ere mundu zabalaren ikuspegitik begiratuta, Bilboko auzoa besterik ez da. Kontsolamendurako eta laburrean, esango dizuet Athleticen himnoaren doinuak bi gipuzkoarrek sortuak direla: Jose Olaizola hernaniarra eta Feliziano Beobide tolosarra. Herri txikia gara eta. Eup!

Emozio kolektiboen arloan, arreta handiena jarri behar diegu sentimendu eroen sua isiotzen dutenei: sastakatu duten Sydneyko apaiz xelebre txanodun horri, nolako sermoiak botatzen zituen, gure Munilla txiki uzten; etorkinen aurkako diskurtsoak hedatu dituzten hauteskundeetako alderdiei; munduko agintari-ume mukizu horiei, Israelgoa izan, Irango, AEBetako edo Errusiako: pupua egiten badidazu, neuk ere pupua egingo.

Txotxolo horiei guztiei aurre egin ezinez, sentimendu tristea hazten ari da jendartean: Txernobylen, gizakumeak bertatik desagertu ondoren natura nola berrabiatu den bere indar eta eder osoan ikusirik, huraxe dela ataka gaizto honetatik ateratzeko aukerarik onena. Lehergailu nuklear batzuk bota, munduko populazioa hamarrenera jaitsi eta berriro hasi planeta izorratzen. Bueltalabuelta, umetan sentimenduz esaten genuen bezala. Reset.

Baina, bi aldiz pentsatuta, hori ere ez litzateke bide ona. Gu gehienok ezkailu frijituen antzera geratu eta ausiabartzaren erantzungile nagusiek, beti bezala, euren jauregi-babeslekuetan festan jarraituko lukete. Zaputza. Gure zaharrek zenbat zekiten! Beste biderik ez dagoenean, sentimenduen ajeak bertso malenkoniatsuetan kantatu eta: anaia, konformatu horrenbesterekin.