Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

«O povo é quem mais ordena»

Hala zioen Krabelinen Iraultza gisa ezagutzen duguna abiatzeko adostu zuten kantak, “Grândola, Vila Morena” izenburukoak, hots. Irratian doinu hori aditu eta martxan jarri ziren militar demokratak, diktaduraren aurka, herritar asko eta askorekin batera. Hura haustura bat izan zen, bere helburu guziak bete ez zituena, bidean zehar hasierako energia galdu zuena, bai, baina aro berri baten hasiera ekarri ziona Portugali. Gaur egun, oraindik ere, kanta hori baliatzen dute Errepublikaren jatorri demokratiko eta antifaxista oroitarazteko, eskuin autoritarioari aurre eginez.

Estatu espainolean krabelinik ez, ordea. Hausturaren ordez, eredugarritzat saldutako trantsizio lotsagarria, zeinaren ondorio latzak pairatzen baititugu Francoren heriotzatik 49 urteetara. Laburbilduta, hauxe da Pedro Sanchezen gogoeta tarte deigarriaren funtsa, berak beste termino batzuetan planteatu arren. Izan ere, nork agintzen du Estatu espainolean? «O povo», behintzat ez, hori argi dago. «Os povos» izanen lirateke, hobe esanik, Estatu espainola nazioanitza baita, horixe delarik bere polikrisiaren gako nagusia.

Orain arte batzuek agindu dute eta agindu nahi dute etorkizunean, hauteskundeetan aukeratutakoen gainetik. Eta, estatu sakoneko beste eragileekin batera, epaile asko militante sutsuak dira eskuin autoritario eta espainolistaren agendaren inplementazioan, edozer egiteko prest daudela. Eta bat egiten dute botere mediatiko eta ekonomikoekin. Hori da afera.

Ederki dakigu hori Euskal Herrian. Baina oraingoa ez da Errekorren Guinness Liburuan sartzeko mailaketa, errepresio gehien nork jaso duen jakiteko. Oraingoa Estatu espainolaren sakoneko miseriak agerian utzi eta tinko jarduteko unea da, oldartze autoritarioak ez baitu irabazi behar. Erronka hau, azkenean, Sanchezen oportunismo zesaristatik eta PSOE zein 15Mren ondotiko eragileen ahulezia, zatiketa eta heldutasun ezetik askoz ere harago baitoa.