GARA
DONOSTIA

Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatu dute

Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak osasun zentroa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatu dute. 1988an hasi zen prozesua azkenean osatu dela ospatu du Lakuak.

Gotzone Sagardui eta Rafael Amasorrain, hitzarmena sinatzen.
Gotzone Sagardui eta Rafael Amasorrain, hitzarmena sinatzen. (IREKIA)

Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak atzo sinatu zuten Lakuako Gobernuak 2024ko apirilaren 16an onartutako hitzarmena, Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko.

Sinatzeko ekitaldian izan ziren Gotzone Sagardui jarduneko Osasun sailburua, Nerea Urien Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, Rafael Amasorrain Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko presidentea eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendaria.

«Hitzarmen hau sinatzearekin batera, 1988an hasi zen prozesu bat osatu da, Euskal Osasun Zerbitzuak Institutu Onkologikoarekin ituna bere gain hartu zuenean», azaldu zuen Lakuak.

Urte askoren ondoren, 2018ko abenduan sinatu zen Donostiako bi ospitale egituren funtzionamendu integratua «ikuspegi operatibo eta funtzionaletik errazteko lotura hitzarmena».

ONKOLOGIA PLANA

Era berean, Osasun Planean islatzen denaren ildotik, Osasun Sailak, paziente onkologikoen eta haien senideen arretan inplikatuta dauden osasunaren arloko adituen eta profesionalen aholkularitzarekin, “2018-2023 aldirako Euskadiko Onkologia Plana” prestatu zuela gogoratu zuen Lakuak.

«Plan horretan definitutako asistentzia ereduak diziplina anitzeko ikuspegia du, eta pazienteen premia globalei erantzungo dien tratu humanizatua du ardatz. Plan horren helburua da, halaber, diagnostikorako denborak murriztea eta esku hartze konplexuenak erreferentziazko unitateetan metatzea, behar den esperientzia bildu ahal izan dadin», esplikatu zuen oharrean Lakuako Osasun Sailak.