Maider IANTZI
BAIGORRI

Nafarroaren Eguna Baigorrin, gozatuz saretu eta elkar ezagutuz aberastu

Osasun eta giro onarekin dator gaurko Nafarroaren Eguna, Kulturaldi ezin aberatsago baten ondotik. Denentzako moduko besta prestatu dute Baigorrin; gozatzeko, euskaldunon artean saretzeko eta elkar ezagutze aberatsak eraikitzeko.

Basaizeako kideak Nafarroaren Eguna aurkezten, hilabete hasieran Iruñean. Eskuinean, Xalbat Alzugaray.
Basaizeako kideak Nafarroaren Eguna aurkezten, hilabete hasieran Iruñean. Eskuinean, Xalbat Alzugaray. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kulturaldi oparo baten gailurra izanen da gaur Baigorrin ospatuko den Nafarroaren Eguna. Iragan apirilaren 5ean hasi zen Kulturaldia, migrazio mugimenduei buruzko hitzaldi jendetsuarekin. Eta harrera ona izan dute, oro har, bertze ekitaldiek ere.

Antolatzailea, Basaizea Kultur Batasuna, laguntzaile sare handiarekin batera aritu da lanean. «Momentuz ongi gara taldean, antolaketa aldetik pixka bat aldatzen. Sartu diren kide berriekin harreman gehiago egiteko parada ari gara zabaltzen», adierazi zion Xalbat Alzugaray Basaizeako partaideak GARAri.

«Batez ere, publiko zabal bat ukitu nahi izan dugu, mota desberdinetako ekimenak proposatuz», erantzun zuen, ahalegina zertan egin duten galdetuta. Hala, “Gora Euskal Herrientsak” saiakera grafikoa aurkeztu dute, Asisko Urmenetak Dom Campistronekin batera egindakoa; eta “Anche et cie” ikuskizuna prestatu dute instrumentu berezi batzuekin. “Mirande, film bat egiteko zirriborroa” dokumentala ikusi eta horretaz eztabaidatzeko aukera izan da. Eta Euskal Herria Eguna egin dute, bi herri berrirekin: Sara eta Maule.

Atzo, Patxo Telleriaren “Ai gure Juaneteak!” antzerki musikatuaz gozatzeko aukera izan zen Baigorrin, eta maiatzaren lehenean “Mejillon Tigre, hitz esana” poesia emanaldia emanen dute Eider Perez eta Ane Garciak Arrosan.

EUSKARAZKO KULTUR ESKAINTZAREN PREMIA

Kulturaldia, Nafarroaren Egunarekin bukatzen dena, 1979tik egiten da Baigorri aldean. Alzugarayren hitzetan, «forma ainitzetako euskarazko ekitaldien eskaintzea» du xede, «kultura biziaraztea eta bazterrak euskaraz animatzea».

Euskarazko kultur ekimenik ez zelako sortu zen eta gaur egun, eskaintza pixka bat zabalagoa bada ere, ez da helburua aldatu, zeren «euskal kulturan bultzatu dira hainbat gauza, baina eskaintza askotariko eta trinkoa eskaintzea oraino behar bat da, eta zinez eragiteko gaitasuna du halako ekimen batek. Jendea gustura gelditzen da proposamenekin, gaurkotasunari lotuak eta aski anitzak. Edozeinek eskertzen du edo erraten dizu ‘ekitaldi hau maitatu dut egiazki’».

ITURRI ZAHARRETIK BETI BERRIA DEN URA

Joxean Artzeren aipu batekin hasten da Kulturaldiko hitza: «Iturri zaharretatik edaten dut beti berria den ura». Hizkuntza ez ezik, etxeak eta herriak ere hil, eta folklore bihurtzen ari direla ohartarazi nahi dute.

«Ez bada eraberritzen, folklore bihurtzen da tradizioa. Adibidez, euskal sinboloak inoiz baino gehiago ikusten dira: lauburuak, euskal grafia... eta bada joera bat euskal gauza bat egitekoa baina gibelean ez duena bereziki funtsik. Hizkuntza eta paisaia folklorizatzen dira horrela», azaldu zuen Basaizeako kideak.

EGUN OSOKO BESTA

Egun handia gaur izanen da, Baigorrin, igandean berriz. Tradizioz hala zen. Covidaz geroztik larunbatean egin da, baina igandera itzuli nahi izan dute, batez ere eguneko besta indartzeko.

Jarduera aunitz egonen dira. Goizean, Gaineko plazan, merkatua, askaria, desfilea, ekitaldia, Bas’hitza, larrain dantza eta jauziak. Arratsaldean, Behereko plazan, txaranga eta elektrotxarangekin besta, bertso saio musikatua, Pontx pailazoa, zirkua, dantza ikusgarria... Gauean, Belako eta DJ Uzkuluz. Eremu aski ttipian eskaintza handia.

«Bada leku bat euskaldunon artean saretzeko eta elkar ezagutze aberatsak eraikitzeko», nabarmendu zuen Xalbat Alzugarayk, gonbidapena zabaltzearekin batera.