GARA
DONOSTIA

«Togak mendekurako tresna» gisa ez erabiltzea eskatu dute azken ostiralean

Apirileko azken ostiralarekin, elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko hiri eta herri ugaritan. 3.000 lagun inguru batu ziren protesta horietan, Fiskaltzak eta Justiziak «gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka» egiten ari direla ekarri zuten gogora, eta «togak mendekurako tresna» gisa ez erabiltzeko exijitu zuten.

Donostiako mobilizazioan hartutako irudia.
Donostiako mobilizazioan hartutako irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joan den ostiralean, apirileko azkenekoa izanik, berriro ere elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritarrek Euskal Herriko hiri eta herrietako plazetan, Sare eta Etxerat elkarteek deituta. Horietan, salatu zuten Fiskaltza eta Justizia gradu progresioen aurka salbuespen politikak aplikatzen ari direla, eta eskatu zuten ez ditzatela togak erabili mendekurako tresna gisa.

Sarek emandako datuen arabera, 3.000 lagun bildu ziren ostiralean 74 herritan egindako agerraldietan. Ohar batean gogorarazi zutenez, bihar urtebete izango da Donostiako Artzain Onaren atarian «etapa berri baten aurrean dauden oztopoen irakurketa» plazaratu zutela.

«Bertan aipatu genuen urruntze politika gainditzeak ez zuela berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, eta azalera ekarri zituela egungo espetxe politika honek zituen arazo eta oztopoak», adierazi zuten.

SALBUESPENA INDARREAN

Horren aurrean, Fiskaltzak eta Justiziak, «berezko botere politiko bilakatuta», EAEko agintarien eskuduntza den espetxe politika «ezbaian jarri» izana gaitzetsi zuten, eta, «euskal presoen kalterako, espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra, gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka» egin dutela nabarmendu zuten. Horren adibide dira, aipatu zutenez, Joseba Borde eta Juan Karlos Subijanaren aurka jarritako helegiteak; biak hirugarrenez espetxera itzularazi dituzte.

«Salatzen ditugu, beraz, beren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek, eta honen aurrean urratsak ematen jarraitzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari», adierazi zuten. «Espetxe politika arrunta aplikatzeko bidean aurrerapausoak ematen jarrai dezala eta espetxeetako juntek beren irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela», eskatu zuten adierazpenean.

«Elkarbizitza, konponbidea eta bakea» helburutzat jarrita, «salbuespeneko jokaeren amaiera» ezinbestekoa dela berretsi zuten ostiralean Sarek eta Etxeratek.

Nolanahi ere, oztopoak oztopo, «giltzak gure eskuetan» daudela nabarmendu zuten: «Euskal gizartearen gehiengoaren babesarekin atzeraezinezko bide batean jarri gaituzten etapak gainditu ditugu, elkarbizitza eta konponbidearen alde».