GARA
ORDIZIA

Aralarren «zaintza eta kudeaketa hobetzeko» akordioa sinatu dute

Gipuzkoako Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak akordioa adostu dute, Aralar mendilerroaren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin. 2019az geroztik «blokeatuta» zegoen harremana berrartzeko lehen urratsa dela esan dute.

Akordioa, Aralar zaintzearen inguruan.
Akordioa, Aralar zaintzearen inguruan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak akordioa sinatu zuten atzo, Aralarren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Akordioan, «larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzeari, sentsibilizazio ekintzei, bideen konponketei, txabolak lehengoratzeari eta eraikitzeari eta inguruko beste azpiegitura batzuk hobetzeari dagokionez aurten garatu beharreko ekintzak» zehazten direla jakinarazi zuten agerraldi batean.

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak sinatu zuten akordioa, Ordiziako udaletxean. Itunak hiru hilabeteko negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. Hitzarmenak bi aldeentzat gutxienez hiru alderdi estrategiko jasotzen dituela esan zuten: xehaketa eremuak, bideak eta finantziazio eredua.

2019az geroztik blokeatuta zeuden harremanei berriro heldu nahi diete, eta datozen hiru urteetan «bi aldeek zonaldean egin beharreko hobekuntzak bermatu eta finkatuko dituzten itun irmoak lortzea» espero dutela esan zuten.

Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro inguru inbertituko dituzte helburu horretarako. Foru Aldundiaren kasuan, Goilarretik, Gipuzkoako lurralde historikoko mendi publikoetako larreetan hobekuntzak gauzatzeko programatik, 211.000 euro bideratuko dira. Bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitateak 85.000 euroko partida erabiliko du lan horiek egiteko.

KONPROMISOAK

Arrutiren hitzetan, adostasunak lortzea «zor» diete abeltzainei: «Gure gizarteari eta bereziki gure Aralarko abeltzainei zor diegu elkarren arteko adostasun batera iristea eta, hortaz, bi aldeek zintzotasun osoz hasi dugun lan dinamika bat da hau».

Bestalde, Mankomunitateko lehendakariak aurrerantzean ere Aldundiarekin batera lan egiteko konpromisoa agertu zuen eta haren jarrera eskertu nahi izan zuen.

Hurrengo urratsa akordioa Mankomunitateko zuzendaritzara eraman eta, Goilarre programako dinamikarekin jarraituz, abeltzainekin partekatzea izango dela iragarri zuten atzo.