Martxelo DIAZ
GASTEIZKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEEN OSTEAN

EAJk eta PSEk «programa lehenetsi» nahi dute Lakuarako negoziazioan

«Programa lehenetsi» nahi dute, Lakuako Gobernuaren eraketari buruz hitz egiten hasi aurretik. Hori adierazi zuten EAJk eta PSEk, Gobernua osatzeko negoziazioaren lehen bileraren ondoren.

Datozen asteotan «diskrezioz» hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu zuten. Horretaz gain, Gasteizko Parlamentua maiatzaren 23rako osatu nahi dute, Europako kanpaina hasi baino lehen.

EAJk eta PSEk atzo Sabin Etxean izan zuten bileran harturiko irudia.
EAJk eta PSEk atzo Sabin Etxean izan zuten bileran harturiko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Asmo handiko programa bat da» Lakuako Gobernua osatzeko negoziazioan EAJk eta PSEk lehenetsi duten osagaia. Atzo lehen bilera izan zuten bi alderdiek Sabin Etxean eta ondoren euren balorazioak plazaratu zituzten. Datozen asteotan negoziatzen jarraituko dutela nabarmendu zuten. EAJk «Eusko Jaurlaritza sendoa eratzea» dute helburu negoziazio hauek.

EAJren izenean, Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeria izan ziren bileran. PSEren ordezkaritzako kideak, berriz, Eneko Andueza, Begoña Gil eta Miguel Angel Morales izan ziren.

«Gobernua berriro osatzeko asmoa dugu. Gaurko bilera esploratzeko izan dugu. Gobernu berriaren oinarriak aurrerabidea, ongizatea eta eraldaketa izan dira», adierazi zuen Anduezak kazetarien aurrean PSEren Bilboko egoitzan egindako agerraldian.

«Alderdi biek helburu hori bete nahi dute asmo handiko programa bat eginez, zeinak Legebiltzarrean lortu nahi den babes zabalarekin egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea ekarriko baititu Euskadi osoarentzat», adierazi zuen EAJk ohar batean.

Bestetik, Anduezak azaldu zuenez, hemendik aurrera datozen bileretarako plangintza finkatu behar dute. Horrekin batera, prozeduraren inguruan zuhurtziaz jokatu behar dutela gaineratu zuen. Epeei dagokienez, «datozen asteotan, ibilbidea zehaztuko duen testua zehazteko gai izango gara».

«Alderdi bien helburua da elkarrizketa hauek garatu ahal izatea halako lanek behar duten diskrezioarekin», erantsi zuen EAJk.

PSEko buruak esan zuenez, Gasteizko Parlamenturako hauteskunde kanpainan «herritarren benetako arazoez aritu ginen». Hortik abiatu behar dute, bere ustetan, Lakuako Gobernu berria osatzeko akordioa eraiki ahal izateko. «Euskadik aurrera egiteko hitzarmen on bat nahi dugu», aldarrikatu zuen.

«BENETAKO ARAZOAK»

«Oraindik ez dugu karguez hitz egin. Lehenengo lana programa aurreratzea eta lehentasunak finkatzea da», adierazi zuen Anduezak. Dena dela, hauteskundeetan izandako boto hazkundean oinarriturik, ardura gehiago eskatzeko asmoa duela iragarri zuen PSEko buruak.

«Euskal herritarrek euren bizitza hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, aniztasuna bultzatzeko bozkatu ziguten. Hori da izan dugun boto hazkundeak ematen digun zilegitasuna. Eta hortik abiatzen dugu negoziazio prozesu hau», esan zuen.

Gauzak horrela, Anduezaren esanetan, «aniztasuna errespetatuz» lortu behar da akordio hori.

Alde horretatik, etxebizitza eta beste alorretan EAJrekin dituzten desadostasunak elkarrizketaren bidez gainditzeko borondatea azaldu zuen Anduezak. «Bi tradizio desberdinetako alderdiak gara, Gobernu bera osatzen badugu ere», zehaztu zuen.

EAJren iritziz, izandako lehen bileran «elkarlaneko giro ona» izan zen nagusi, «eta alderdi bietako ordezkariek borondatea erakutsi dute euskal erakundeak zentzuzko epe barruan eratzeko». Hala ere, Gobernua osatzeko elkarrizketak, neurri handi batean, hauteskunde garaian egin beharko dituztela adierazi zuten jeltzaleek.

Horrez gain, EAJk azaldu zuen bi alderdiek Euskal Herriko eta inguruko lurraldeen egoera politikoa aztertu zutela Sabin Etxean egin zuten lehen bilera horretan.

Bestetik, Anduezak iragarri zuenez, PSEko parlamentariek maiatzaren 7an hartuko dute kargua. Gauzak horrela, Europar Parlamenturako hauteskunde kanpaina hasi baino lehen Gasteizko Legebiltzarra osatua izatea da Anduezaren asmoa.

EAJk ere asmo hori agerian utzi zuen eta Parlamentua maiatzaren 23rako eratua izateko borondatea azaldu zuen. Horretarako, maiatzaren 6an, PSEkoek baino egun bat lehenago, jasoko dituzte akreditazioak parlamentari jeltzaleek.

PARLAMENTUAREN OSAKETA

EAJren hitzetan, «zentzuzko epe barruan Eusko Jaurlaritza eta euskal erakunde sendoak eratu behar dira, Euskadik hemendik aurrera izango dituen erronkei erabakimenez eta eraginkortasunez hel diezaiegun».

Parlamentua osatzea lehentasuna da EAJ eta PSErentzat, oharrean azaldu zutenez. Lehen topaketa honetan, ordezkaritza bien ardura nagusia izan da prozesuaren lehen faseari erreparatzea, Eusko Legebiltzarraren barne organoak eratzeko lanei heldu behar zaiela azpimarratuz. Bakartxo Tejeria jeltzalea izango litzateke berriz Gasteizko Parlamentuko presidentea datorren agintaldian.

«Lehen saio honetan ez zaio heldu negoziaketa prozesuaren bigarren aldiari. Bigarren fase horretan, lehenik eta behin, Gobernu programa jorratuko da eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren egituraketa bera. Alderdi bien helburua da elkarrizketa hauek garatu ahal izatea halako lanek behar duten diskrezioarekin». Hala laburbildu zuen EAJk negoziazioen lehen bilera ofiziala.