Maider IANTZI
IRUÑEA
MAIATZAREN LEHENA

«Alternatiba hirukoitza» eta «Estatu tresnak», LABen 50. urteko ekitaldian

Maiatzaren Lehenak izaera berezia izan zuen LABentzat, 50 urte bete dituelako. Horregatik, ospakizun bakar eta handia egin zuen, Iruñean, manifestazioa eta ekitaldia bilduz. Borrokarako arrazoiak eguneratu zituen.

Garbiñe Aranburu, Anaitasunako ekitaldiaren une batean, krabelina eskuetan zuela.
Garbiñe Aranburu, Anaitasunako ekitaldiaren une batean, krabelina eskuetan zuela. (Iñigo URIZ | FOKU)

Urteroko hitzorduak hausnarketa bereziak ekarri zizkion LAB sindikatuari Maiatzaren Lehenean, mende erdia bete baitu aurten. Horregatik, ohiko mobilizazioaz gain ekitaldi politiko handi bat egin zuen Iruñeko Anaitasunan, baita jaialdi bat ere herri bazkari eta kontzertuekin.

Manifestazioa abiatu aurretik, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak «aldarrikapen eguna eta ospakizun eguna», biak, uztartzen direla adierazi zuen Gaztelu plazan. Munduko langileriari begiratuz, «inperialismoak eta kapitalismoak» eragindako hondamena seinalatu zuen, gerrak, planetaren suntsiketa eta desoreka guztien areagotzea aipatuz. Baita «faxismoaren» aurrerapausoa ere.

Horren aitzinean, «alternatiba» egon badela ziurtatu zuen. Hirukoitza dela zehaztu zuen: «Zaintza, enplegua eta ondasuna banatu behar dira. Erabat bidegabea den sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonial batetik bizitza erdigunean izango duen eredu batera pasatu behar da». Hain zuzen, aldarri feministak ozen entzun ziren mobilizazioan.

Hori Euskal Herrian lortzeko, «Estatu tresnak» ezinbertzekoak direla erantsi zuen Aranburuk. Hori guztia langileen antolakuntzaren eta borrokaren bidez bultzatu behar dela defendatu zuen.

«Borroka da bide bakarra» eta «jo eta ke, irabazi arte» oihu artean, euripean hasi zuten bidea. Toki ugaritatik etorri ziren ehunka lagun: Asturias, Aragoi, Galizia, Andaluzia, Katalunia, Bretainia, Korsika, Sardinia, Aosta, Palestina...

EH Bilduko ordezkari aunitzek ere parte hartu zuen martxan, eta Ernaik gazte blokea osatu zuen. Ane Alavak erran zuen argi dutela bertze mundu bat posible dela. «Gure esku dago inongo gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea». Goizane Vegasek gaineratu zuen gazteak gizarteak bizi duen prekarizazio prozesu orokortuaren lehenengo katebegia direla.

«Gora, gora, gora, langileon borroka!» eta «euskal gazteria, aurrera!» egin zuten garrasi Ernaikoek Sarasate pasealekuan manifestaziora batu zirenean, grina eta indar handia erakutsiz. Pentsiodunek ere bazuten beren pankarta, etengabeko borrokaren eredu.

BIZITZAREN ALDE TIRA

Pixkanaka-pixkanaka jendez bete zen Anaitasuna pabiloia, “Internazionala”-ren txalaparta doinu ederrekin. Lehenbizi, sindikatuko zuzendaritzako kideak igo ziren oholtzara. Portugaleko Krabelinen Iraultzari erreferentzia eginez, gure herria ere askatasunera iritsiko dela hitzeman zuen Aranburuk.

Bigarren koordinatzaile orokor Igor Arroyok bi aukera daudela erran zuen, «bizitza eta kapitala», eta bizitzaren alde tiratzera animatu zuen, etorkizuna ez dagoelako idatzita, herriek idazten dutelako.

50.000 afiliaturen langa gainditu berri du LABek. Lantoki, kale eta erakundeetan ari da lanean, burujabetzan aitzinera tiratuz; 30 orduko lan astearen eta zaintza lanetarako baimenen alde, etxebizitza espekulazioari aurre eginez eta zerbitzu publikoak defendatuz, eta politika publikoak langileen alde jartzeko eta zaintza, osasun eta hezkuntza sistema publiko komunitarioak garatzeko, erraterako.

Papertxoak zeuden aulkietan, “Internazionala”, “Herria, batua, inoiz ez garaitua”, “Zutik emakumeak, transak eta bollerak” eta “Eusko gudariak” kantuen letrekin, eta elkarrekin abestu zituzten.

Kantu eta kantu artean, hainbat sindikatu lagun igo zen taulara, kolorezko banderen besta batean. Pambis Kyritsis Munduko Federazio Sindikaleko burua mintzatu zen, 105 milioi langileren eta 133 herrialdetako elkarteen ordezkari. Langileen tresnak elkartasuna eta internazionalismoa direla defendatu zuen, eta gauza bera egin zuen Vu Manh Tiem Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko kideak ere.

«Palestina askatu!» oihua etengabe aditu zen manifestazioan zein ekitaldian. Eta hunkigarria eta indartsua izan zen Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salamek hitza hartu zuen unea. Zutik jarri ziren entzuleak, txaloka eta oihuka. Berak «agur militante bero bat» eskaini, eta esker ona adierazi zien Anaitasunan bildutakoei. Eskaera bat ere egin zien: elkartasun jarrera hori indartzeko. Baieztatu zuenez, horri esker ez dira munduan bakarrik sentitzen.

Azpimarratu zuen bere herrialdean gertatzen ari dena ez dela kasu isolatu bat eta «etsai bera» dugula mundu zabalean: «Inperialismo basati eta arrazista». Ez direla zenbaki hutsak eta historiak dituztela ere oroitarazi zuen, berehalako su-etena eta premiazko osasun-laguntza lortzeko lan egitera deitzeaz gain.