Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Ardibelztasuna

Arrakasta itzela duen euskal talde bateko bi kide ari dira irratian, ardi beltza izatearen adibide gisara jarrita tatuaje eta bestelako kontu estetiko batzuk: zergatik ziren ardi beltz, alegia. Eta, noski, ezin ezer esan, nork bere modura bizi du-eta ardi beltza izatea. Hain zuzen ere, denok dugu nigeriar bat Ku Klux Klaneko asanblada batean bezala sentitzeko eskubidea. Eta, jakina, nola ukatu inori bere burua artaldetik aparte kokatzeko eskumena? Baina, apustu egingo nuke, adibidez, Elon Muskek tatuajeak erakusten dituela, mundu-mailan eragina edukiko duten aginduak sinatzeko alkandoraren mahuka jasotzen duenean.

Uste dut eskas samarra dela arrazoibide lerro hori, pulamentuzko kontuei dagokienez: ez al da ba ardi beltzaren ezaugarri nagusia diskurtso hegemonikoetatik aparte ibiltzea eta haiei aurre egiten dieten aukera ideologiko eta bitalak hartzea? Musikarien kasuan, mundu guztiak egin eta leku guztietan entzuten den horretatik aparte ibiltzea? Azkura eragiten dutenak aireratzea? Ospearekin kontraesanean egon daitezkeen erabakiak hartzea? Ba, alde horretatik ikusita, errespetu osoz, une horretan ari zirenena ez dakit, baina irrati berean bezperan egondako Igor Arzuagaren ardibelztasuna XXL tamainakoa da. Eta hark ez zuen aipatu ere egin.