IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevista
IÑIGO ETXARRI ETA LIDE HERNANDO
Bele taldeko ekoizle eta sortzailea

«Ez dut oso ondo ulertzen zergatik ez daukagun musika honekiko pasiorik»

Musika beltzaren mundua aspalditik miresten du Lide Hernando Muñozek (Donostia, 1991) eta erabat horretara bideratu du Bele proiektua. Ondoan hartu du horretarako ekoizle gisa Iñigo Etxarri Sistiaga (Pasai Donibane, 1989). Liherren azkena eman eta astebetera aurkeztu zuten zuzenean ‘«Herrari» diskoa; gaur Bilboko Kafe Antzokian izango dira.

(Iratxe ETXEANDIA eta BIZKAIMUSIC)

 

Hilabete luzeetako lana izan da diskoa sortzea.

Lide Hernando: Pentsatzen jarri nintzen eta 15 hilabeteko lana izan da diskoarena. 2022ko abenduan hasi ginen honetan.

Iñigo Etxarri: Izatez, hasi, hasi, pandemian hasi ginen.

Orain arte egiten ari zineten horretatik txip aldaketa egiteko tarte laburra izan duzue oso, beraz.

L.H.: Txipa aldatzen zihoan aurretik. Entzule bezala, gozatze hutsagatik, rhythm and bluesa, musika beltza, pop-a entzuten lehendabizi, eta, gero, pandemia ostean, dagoeneko kontsumitzen nituen gauzak nola egiten ziren eta abar ondo aztertuz.

Ekoizlea zu izan zara Iñigo. Kasko hauetatik ondo entzuten da?

I.E.: Bueno… kar-kar. Bai, bai.

Hori diot, beti esaten duzulako kaskoetatik entzun behar dela musika.

I.E.: Kontua da zuk erabiltzen dituzun kasko horiek ondo ezagutzea, edo entzuteko erabiltzen duzun gailua beti bera izan dadila. Gero, ahalik eta txukunena bada, hobeto. Estudioan oso garestiak diren kasko batzuk baditut, baina azken entzunaldia, beti-beti, 20 euroko kasko batzuekin egiten dut, haiek baitira nire gogokoenak.

L.H.: Niretzat ere kasko horietan ondo entzuten bada, nire oniritzia du.

Goazen diskoaren sarrerara. «Ez dakit» abestiarekin hasten da diskoa. Ahotsak sekulako protagonismoa du, rhythm and blues estiloan, baina, niretzat, musika zuria da eta ez beltza.

L.H.: Niretzat gospela dago hor. Ea, txuria da ni txuria naizelako, baina irudikatzen dut melodia hori beltz batek abestuta. Baina ulertzen dut esan nahi duzuna. Kantu honek badu ukitu Disney bat eta horrek txurira eramaten du halabeharrez.

Zaratatxo batzuen artean, kate soinua entzun dudala esango nuke.

I.E.: Katearen soinua dago, Whatsappena, Instagramena…

L.H.: Kate zaharrak eta berriak. Diskoko bigarren kantuak working song moduko bat dela iradokitzen du; hau da, esklabo afro-amerikarrek sortutako musika estilora goaz, Louisianara. Kateak halabeharrez daude haien musikan. ‘‘Herrari’’ hitza asko erabiltzen da gospel munduan; amestutako hiri horretara bidean noraezean aurrera goazela esateko erabiltzen da, eta hortik dator kontzeptua. Horregatik entzuten dira kateak eta kate modernoak.

Sortzailearen krisiaz ari zara edo zure bizitzako etapa batean bizitzen ari zaren krisiaz?

L.H.: Bizitzako krisiaz. Askotan dudan krisia da. Garai honetan, adibidez, gauza gehiegi egiten ari naizen sentsazioa dut; zer erakutsi nahi ote dudan galdetzen diot nire buruari. Baina ez nago sekula gustura ‘‘hemen’’. Galderak eta galderak nire buruari.

Bigarren tokian dator «Zerua irabazi» eta lehen notak bat egiten du aurreko abestiaren azkenarekin.

L.H.: Nik argi neukan diskoko bigarren abestia izatea nahi nuela, eta konturatu ginenean tonu berean zeudela guztia ahalik eta hobekien findu genuen.

Xehetasunez jositako diskoa dela ikusita, ekoizpen lan handia duela ikusita… martxan jarri zinetenean hainbesteko lana izango zela aurreikusten zenuten?

L.H.: Ez. Gogoratzen zara disko minimalista bat egin nahi genuela esaten genuela?

I.E.: Egia da minimalistatik hasten zarela eta elementu gutxirekin. Sukaldean hasi eta elementuak gehitzen doan pertsona hori bezala ibili naiz. Gero etorri dira komeriak, zuzenekoetara eraman behar delako eta oreka bilatu behar delako estudioaren eta zuzenekoaren artean. Baina masterra iritsi zenean orekatu zen guztia niretzat. Ez da minimalista, baina konplexuagoa egin zitekeen.

Geruza asko dituen abestia da «Zerua irabazi», gainera.

I.E.: Bai, bai, eta artisau erara sortuak asko. Eskuz idatzitako MIDI asko daude eta soinuak ere ez dira aurrez prestatutakoak, sortu egin ditugu eskuz. Sintetizadore bat hartu, pedal batetik pasa, berriz nik ez dakit nora bidali eta emaitza eman arte. Eta horrela hamarnaka geruza daude.

L.H.: Nik uste dut soinu urbano batzuk imitatuz ibili garela hainbat momentutan. Baina soinu urbanoetan Ableton programa erabiltzen da askotan, bukleak eta berak ematen dizkizunak, eta, gure kasuan, Iñigok sortu ditu.

I.E.: Bateriaren kasuan, esaterako, abesti bakoitzak du bere kutxa propioa, bonbo propioa… Bonbo bat agian ez da bakarra, agian hiru dira… Eta hor nire buruarekin izan nuen gatazka bat, abesti bakoitzak soinu desberdina zuelako eta estiloa ere halakoa zelako. Baina uste dut nahiko kohesionatua geratu dela guztia.

Pisu handia duen letra da «Epel» kantuarena. Oso politikoa iruditzen zait. Halere, kantu oso sentsuala da; diskoteka ilun baina tropikala ikusten dut hemen.

L.H.: Miami.

I.E.: GTAko diskoteka hori. Bueno, ‘‘Scarface’’ pelikulako diskoteka.

Harmonia bai, baina kantuaren baxua sekulakoa da.

L.H.: Oso dibertigarria izan da kantu hau sortzea, gero nahastea asko kostatu zaigun arren.

I.E.: Eta esango nuke hartualdi bakarrean grabatu genuela. Ez naiz Flea, oso sinplea da. Geruza gutxiago ditu eta ez da hain erraza izan nahi genuen soinura iristea. Baxuak sekulako pisua duelako eta elementuak erakutsi eta ezkutatzearen jolasa gustatzen zaidalako. Hortaz, elementu gutxirekin hori egitea zailagoa da.

L.H.: Oso elementu organikoak eta oso elektronikoak nahastea erabaki genuen. Natalia Lafourcaderen ‘‘María la curandera’’ cumbia izan genuen erreferentzia moduan.

Mezu politikoa duela esan dut, «mundu honek nahi gaitu epel» horretatik eraikitzen delako kantua, ezta?

L.H.: Hori da. Zerbait ona bezala ikusten da, ezta? Zerbait neurtua, moderatua… Eta niretzat ez dago ezer okerragorik hori baino. Eta, batez ere, Donostian, ezta? Esango nuke hor dagoela horren epizentroa. Gainera, abesti latino, epel eta zikina nahi nuen sortu mezu hori emateko. Epelkeriaren kontra joateko abestia.

Rhythm and blues klasikoenera goaz «Oilo ipurdia» kantuarekin.

L.H.: Esango nuke 70eko soul musikara goazela. «Doinu zahar horrek» sorgindu ninduenean, soula deskubritzen dudan uneaz ari naiz. Sekulakoa izan zen hori niretzat. Eta ez dut oso ondo ulertzen zergatik Euskal Herrian ez daukagun musika honekiko pasiorik, sentimenduak mugitzen dituen estiloa dela uste dudalako. Baina, tira, hori da dagoena.

Soul ukitu horrekin Amy Winehousen mundua etortzen da burura. Zuek orkestra zuen modura simulatu duzue.

I.E.: Egia esanda, ez nago oso harro.

Aurrekontu kontuak dira. Ura Bere Bidean bezalako proiektu baterako oso abesti aproposa da.

L.H.: Eskerrik asko! Liherren abestiren batekin edo besterekin ere badut sentsazio bera. Oxala proiektu horretarako egunen batean deitzea. Orkestra sinfoniko batekin abesteak sekulakoa izan behar du. Aiora Renteria Zea Maysen ‘‘Elektrizitatea’’ abesten entzun nuenean flipatu egin nuen. Erreferentzia moduan Amy Winehouse baino, Adele ikusten dut nik. Brit soul bezala etiketatu izan dute hori, zuria delako.

Ekoizpenean barneratzeko, dokumentalak eta halakoak ikusi dituzue elkarrekin?

I.E.: Ez da horrela izan. Hau da, diskoagatik ez; berez ikusten ditugu.

L.H.: Bera frikiagoa da ni baino gauza horietarako. Gauza asko jakin nahi ditut, baina jakiteko prozesu horrek nagi pixka bat sortzen dit.

Zuzenekoak martxan dituzue.

L.H.: Tope ibili ginen entseatzen, elementu desberdinak txertatu nahi izan ditugulako. Momentu desberdinak sortzea nahi dugu, kantuek hori eskatzen digutelako; banda momentuak, momentu performatiboak…

Berrogei minutu ditu diskoak. Zuzenekoak zenbat irauten du?

L.H.: Ordubete. Abesti batzuk luzatu egiten dira zuzenean; abestien artean hitz egiteko ere aprobetxatuko dugu; bertsioren bat edo beste bada; arnasa hartu eta ura edan…

Dantza egingo delako diozu hori?

L.H.: Bai, noski. Ez dakit Liherrekin adina izerdituko dugun edo ez, baina dantza behintzat ziur asko egingo dugula. Horrez gain, estilismoa asko zainduko dugu eta zuzenekoetarako argi diseinua ere hasieratik pentsatu dugu. Gure xumetasunean eta proiektu baten hasierak baimentzen dueneraino, baina hor gabiltza. Dirua izango bagenu, handinahikeria ere neurrikoa izango litzateke, hori bai.

I.E.: Bost irabazten baditugu, lau eta erdi gastatu egiten ditugu. Parte bisualari Liherren baino garrantzi handiagoa eman nahi izan diogu agian, baina hemen beste lengoaia bat eta beste unibertso bat lantzen delako da.

Martxoaren 17an hasi zineten Oñatin eta apirilaren 12an Dabadaban izan zineten. Orain badatoz gehiago.

L.H.: Oso pozik gaude izan dugun hasierarekin. Lehenengoan akaso ez, baina Donostiakoan jendea dantzan eta abesten sumatu genuen eta hori ederra da. Gaur, maiatzaren 2an, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean; 4an, Tolosan; 12an, Senperen, Herri Urratsen; 18an, Orion eta maiatzaren 26an, Getxon. Gogotsu gaude datorren guzti horretarako.