GARA
DONOSTIA

Hezkuntzak eskola jazarpeneko 218 kasu baieztatu ditu EAEn

Lakuako Hezkuntza Sailaren aurreko ikasturteko datuen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) gertatu ziren kasu gehien (%61), bereziki DBHko lehen eta bigarren mailan (%47). Kasuen %27tan jazarpena sare sozialen eta, oro har, Interneten bidez egin zen.

Ikasleak, eskolara sartzen.
Ikasleak, eskolara sartzen. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den ikasturtean, Lakuako Hezkuntza Sailak 1.543 eskola jazarpen kasu aztertu zituen. Horietatik 218 baieztatu zituen, ikertutako guztien %14. Ia erdiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailan gertatu ziren.

Atzo Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, Lakuako jarduneko Hezkuntza Sailak txosten bat argitaratu zuen kasu horien bilakaerari buruz. Egiaztatu dutenez, hamar urte pasatxoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan irekitako eta Ikuskaritzak aztertutako eskola jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloak ugaritu egin dira, 2008-2009 ikasturtean aztertutako 75 protokoloetatik 2022-2023 ikasturteko 1.543 protokoloetara pasatu baitira.

SENTSIBILIZAZIO HANDIAGOA

Duela bi ikasturte, 2021-2022 aldian, 1.098 kasu aztertu eta 157 baieztatu zituzten.

Sailak nabarmendu zuenez, «hezkuntza komunitatea gero eta gehiago inplikatzen da eskola jazarpenaren aurkako borrokan», eta horrek azaltzen du «zalantza txikienaren aurrean, kasu posible bakoitza aztertzea eta dagozkion protokoloak irekitzea». Kasu horietan nahitaez bete beharrekoa da protokolo hori funts publikoz finantzatutako ikastetxe guztietan.

Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, aipatzekoa da, halaber, azken urteotan Ikuskaritzak zeregin aktiboagoa izan duela gai horren aurrean, eta detekzio-tresnak ere hobetu egin direla.

Aurreko ikasturteko datuen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) gertatzen dira kasu gehienak (% 61), bereziki, DBHko lehen eta bigarren mailan (%47).

Kasuen %27tan jazarpena sare sozialen eta, oro har, Internet bidez gertatu zen. Hitzezko erasoa baieztatutako kasuen %85,7tan egon zen; gizarte bazterketa eta marjinazioa, %53,6tan; zuzeneko eraso fisikoa, %34,8tan; zeharkako eraso fisikoa, %33,9tan; eta larderia, xantaia eta mehatxuak, %33tan.

«BIZIKASI» EKIMENA

Hezkuntza Sailak abian jarritako “Bizikasi” eskola jazarpenaren aurkako ekimenak zazpi ikasturte daramatza indarrean. Horrek bullyingari aurre egitea du helburu, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin, formazioa, orientazioa eta erremintak ipintzen ditu ikastetxeen esku.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan egin du Hezkuntza Sailak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek.

Horren ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zuten, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere egin dute.