ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Basterretxearen alderdi guztiak argitara atera ditu Artiumek

5.000 dokumentu baino gehiagoz osatutako Basterretxea Irurzun familiaren dohaintzaren bitartez, Artium museoak astelehenean ehun urte beteko zituen artistaren gidoi zinematografikoak, marrazkiak, gutunak, diseinuko proiektuak eta abar bildu ditu. Zati txiki batek irailera arte irekita egongo den museoaren erakusketa bat osatzen du eta artistaren artxibo guztia wegbune batean ikusgai dago.

Elena Roseras eta Beatriz Herraez, Basterretxea Irurzun familiarekin, erakusketa bisitatzen.
Elena Roseras eta Beatriz Herraez, Basterretxea Irurzun familiarekin, erakusketa bisitatzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Nestor Basterretxearen ibilbidea erakusteko, haren ondarea bizirik mantentzeko eta ospatzeko eta hau komunitate artistikoarekin partekatzeko, Gasteizen dagoen Arte Garaikideko Artium museoak duela mende bat jaiotako artista polifazetiko eta emankorraren dokumentu pertsonalak kaleratu berri ditu.

Basterretxea Irurzun sendiak museoari emandako 5.000 dokumentu baino gehiagoren bitartez sortutako proiektua da. Alde batetik, atzotik datorren irailaren 22ra arte Gasteizko museoan ikusgai egongo den “Artxiboa” izeneko erakusketa prestatu dute, Beatriz Herraez museoaren zuzendariaren hitzetan, «icebergaren punta» baino ez.

Horrekin batera, webgune berria jarri dute abian. Bertan, artistaren funtsa kontsultatu daiteke, sail desberdinetan antolatuta -diseinua, kultur etxeen proiektuak, gutun-truke profesionala eta pertsonala, bakarkako erakusketen dokumentazioa, Jorge Oteizarekin harremana, testuak, dokumentazio profesionala eta zinema eta telebistarako proiektuak, besteak beste-. Nestor Basterretxearen biografia zabal bat eta bere lanak mundua zehar kokatzen dituen mapa interaktibo bat ere baditu.

Bermeotarrak egindako askotariko lanaren erakusgarri izateaz gain, egin ez zuena ere ezagut daiteke proiektu honen bidez. Elena Roseras Artiumeko Dokumentazio Zentroko eta Liburutegiko arduraduna denak komisariatu du erakusketa, katalogazio lanak egin ondoren, Beatriz Herraez eta Matias Fajn-ekin batera. Roserasek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «aberasgarriena» argitara eman ez den hori ezagutaraztea da, artxibo baten «balio oso garrantzitsuaren» erakusgarri.

Nestor Basterretxearen burutik bai baina estudiotik atera ez zen horren guztiaren artean zinemagintzan egindako lana nabarmentzen da. “Artxiboak”-en nahiz webgunean ikus daitekeenez, “La puerta”, “Evasion” edo “Juicio” inoiz gauzatu ez ziren pelikulen gidoiak daude. Testuak ez ezik, aktoreen jantzien eta plano desberdinen segiden marrazki oso xehatuak daude, baita antzezleen curriculumak ere.

Artium museoak azaldu duenez, material hauek guztiak «bildu, antolatu, aztertu eta testuinguruan jartzeak ezagutza artistikoa zaintzen eta aberasten laguntzen du, bai eta artista bere testuinguru historiko eta kulturalean kokatzen duten narratibak eraikitzen ere. Artxibo horien eskuragarritasuna eta hedapena funtsezko zutabeak dira ondare artistiko baliotsu hori komunitate artistikoarekin eta, oro har, gizartearekin partekatzeko».

FAMILIA ETA PRIBATUTASUNA

Prozesuaren hasiera-hasieratik museoa Basterretxearen familiarekin elkarlanean aritu da. Dohaintza egin zutenean inbentarioa egin zuten. Ondoren, pieza batzuk zaharberritu behar izan zituzten. 2023ko apirilean sailkapen eta digitalizazio lanak egin ziren.

Roserasek azaldu zuenez, familiarekin lankidetzan, artxiboko elementu bakoitzaren irisgarritasun-maila definitu da, pribatutasuna gordetzearen eta helburu akademikoetarako eta ikerketarako erabilgarritasunaren arteko oreka bermatuz. Horrek bermatzen du dokumentuetarako sarbidea errespetuz egitea, artxiboaren osotasuna eta balio historikoa zaintzen lagunduz.

Gainera, ekainaren 20an eta 21ean EHUren udako ikastaro bat izango da, ondare dokumentalari buruzkoa. Azaroaren 13an, UNEDen eskutik ikastaro bera eskainiko da, gazteleraz. Apirilaren 23an, artistari buruzko “Jendaurreko irakurraldiak” egingo dira.