Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
BERA BERA, KOPAKO TXAPELDUN

«Koparik bereziena» bereganatuta, arantza kendu eta ametsa bete du

Zortzigarren Kopa altxatu du Bera Berak, baina aurtengoak, etxean jokatu izanagatik, xarma berezia hartu du. Erabateko nagusitasunez gailendu da Donostiako taldea, kanporaketa guztiak goitik behera menderatuz, eta kantxan disfrutatu egin dutela adierazi zuten jokalari guztiek. 4.238 ikusle joan ziren Illunbera, duela bi urteko marka gaindituz eta giro aparta sortuz.

Bera Berako jokalariak, garaipena elkarrekin ospatzen; Menendezek, Kopa eskuan, eta Fernandesek, Koparen tapa buruan.
Bera Berako jokalariak, garaipena elkarrekin ospatzen; Menendezek, Kopa eskuan, eta Fernandesek, Koparen tapa buruan. (Jagoba MANTEROLA)

«Ametsa zen hemen egotea, finala jokatzea. Eta pozik gaude, Kopa irabazi dugulako». Jaiak eztanda egin zuen Illunben, apurka-apurka dezibelak igotzen ari ziren bitartean, epaileak amaiera adierazi zuenean, jokalarien salto eta oihuek hartu zuten pabiloiko erdigunea. Bera Bera erabateko nagusitasunez ibili zen finalean eta bigarren zatia luze egin zen, batez ere Aula Valladolidi, zeina baliabide gabe geratu zen, etxeko taldeak erabat gatibatuta.

Ez zen izan Bera Beraren biktima bakarra, donostiarrek arerio guztiak gainditu baitzituzten, defentsa sendo eta menderatzailearekin, altura eta indarra uztartuz, zirrikituak ederki tapatuz. Finalean ere erakustaldia eman zuen arlo horretan eta erasoan «disfrutatu» egin zuen. «Gure ‘prime’ momentuan gaude», esan zion Emma Boadak GARAri. «Sentimendu kontrajarriekin» jokatzen ari da, Donostiako etapa ixtear baitago.

Nahiz eta lehenbiziko bi jaurtiketak huts egin, ideiak garbi zituzten donostiarrek, eta elkarren arteko konexioa oso finduta zegoela erakutsi zuten. Horren adierazle, piboteekin eginiko lana. Lana ere badagoelako guzti honen atzean, «lan polita», Alvarezen hitzetan. Gavilanek egin zuen lehen gola eta Tchaptcheten bizkarreko jokoak beste bi eman zizkion etxeko taldeari, bat 7 metroetako jaurtiketa probokatuta, eta, bestea, buelta erdia eman eta jaurtiketa indartsuarekin. 19 urteko iruindarra geratzeko modurik ez dago, hain dauka presentzia handia, halakoa du indarra... Harribitxia da Tchaptchet.

Hernandez eta Gavilanek -biek pibote postutik- eta Arrojeriak eginiko beste gol batekin, lehenbiziko alde txukuna lortu zuten etxekoek (6-3, 9. minututan), baina goizegi zen erlaxatzeko. Aula Valladolid, O’Mullonyren jaurtiketa zitalekin eta Amaia Gonzalez de Garibayren determinazioarekin, partidan sartu zen, hein handi batean Bera Bera trabatu egin zelako erasoan, azken partidetan ohikoak izan ez diren akatsez. Mariane Fernandes prezipitatu egin zen bi jaurtiketetan eta Arrojeriak beste bi baloi galdu zituen -9-9 eta 12-12 berdindu zuen Valladolidek-. Alvarez entrenatzailea oso adi ibili zen, eta segituan Cavo eta Erauskin atera zituen, usurbildarra eta Etxeberria ordezkatzeko. Nekeak ere edukiko zuen zerikusirik bi hauen kasuan eta, partida detaile txikienetan erabaki zitekeela ikusita, teknikari ermuarra bizkor ibili zen. Fernandes hasi zen jaurtiketak sartzen, Cavo eta Erauskinen arteko konexioa hasi zen jariatzen eta Illunbek, nola ez, eztanda egin zuen, berriro etxeko taldeak abantaila hartu zuelako (14-12) baina baita eskuin hegaleko ermuarrak golak egin zituelako ere. «Ermua erdia etorri da, oso berezia izan da. Esker mila gerturatzearren», adierazi zuen partida bukaeran festa gosez zegoen Erauskinek.

INOIZ EZ BEZALA

«Inoiz baino gehiago disfrutatu» duelakoan dago Arrojeria, publikoaren erantzunarekin oraindik ere harrituta. 4.238 pertsona joan ziren Illunbera, duela bi urteko finalera baino mila zaletu gehiago. Horrenbestez, Koparik bereziena dela uste du Alba Menendezek. Kapitainaren zigilua ere igarri zen kantxan, defentsan, egoera guztiekin adi: Arroyori nora joan esateko, baloia lapurtzeko argi eta kontraerasoa abiatzeko bizkor, Erauskinek beste gol bat egin zezan (18-14). Kapitain izaera.

Miguel Angel Peñas Valladolideko entrenatzaileak, kasik desesperatuta, detaile txikienetan ere Bera Bera nagusi zela ikusita, hutsartea eskatu zuen. Elba Alvarez -hurrengo urtean Donostian arituko da- eta Teresa Alvarez erdiko jokalariek ez zuten jokoa behar bezala mugitzen, eta O’Mullonyren ordez atera zen Lorena Tellez erabat desagertuta egon zen lehen zatiaren azken txanpan. Honek bost goleko errenta ahalbidetu zion Bera Berari, eta bigarren zatian, hasi eta berehala, arrakalaren areagotzea geldiezina izan zen. Ohartu orduko, hamar goleko diferentzia atera zion (28-18) eta oraindik, 15 minutu geratzen ziren bukaerarako. Fisikoki beste martxa batean iritsi zen Bera Bera eta horren adierazle nagusia da ez zuela faltan bota Elke Karsten bezalako figura bat. Talde oso egituratua izan da, jokatzen eta baita ospakizunean ere, dantza eginez harrobiko jokalariekin, harmailekin kantu bidez komunikatzen eta, oro har, benetan zaila dena erraz egiten.



Zortzigarren Kopa, hogeita bosgarren garaikurra

Irabazitako azkena beti izaten da bereziena, baina partida bukatutakoan Alba Menendezek adierazi zuen, horrez gain, etxean jokatu izanak bere xarma ematen diola azken garaikur honi. Kapitainak sei Kopa altxatu ditu dagoeneko, eta klubaren zortzigarrena izan da. Bera Bera Kopako erregina zela ere esaten zen sasoi batean. Lehenbizikoa 2006-2007 denboraldian irabazi zuen, aurretik lau final galdu ostean, aurrenekoa 1993. urtean, Ohorezko Mailara igo eta hiru urte igaro zirenean.

Langa bat gainditzea suposatu zuen garaikur hark eta balentria errepikatu zuen 2009an. Urrezko aro baten hastapenak besterik ez ziren horiek, 2012-2013. denboraldian titulu guztiak altxatu -Liga, Kopa eta Superkopa- eta Bera Berak erreferentzialtasuna irabazi baitzuen. Lehen liga iritsi zen denboraldi horretan eta lau urtez jarraian, txapelketa erregularra menderatu zuten Donostiakoek.

Geroztik, azken hamarkadan, beste hemeretzi garaikur altxatu dituzte: 8 liga, 8 Kopa -atzokoarekin- eta 9 Superkopa. Guztira, hogeita bost titulu irabazi ditu Bera Berak, denak azken 16 urtean eskuratutakoak. Horietatik, 22 titulu garaipenetan egon da Alba Menendez. Zarauztarra bere 15. denboraldia jokatzen ari da Bera Beran, eta hurrengo sasoian ere jarraituko du. Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria, taldeko beste bi ikurrek, 19 garaipen ospatu dituzte eta hogeigarren bat ere nahi dute.

Hain zuzen ere, azken hamarkadan, 2013-2014. denboralditik, 19 garaikur altxatu ditu Bera Berak -batez beste, kasik bi titulu urteko- eta sasoi honetan beste bat irabazteko borrokan bizirik jarraitzen du. Imanol Alvarezek, gainera, badaki zer den denboraldi bakar batean hiru titulu irabaztea, duela hamar urte, Bera Berara lehen aldiz iritsi zenean, sinatu baitzuen lorpena. Urtebete lehenago, Reyes Carrere aulkian zela, ospatu zuten donostiarrek garaipen hirukoitza eta 2015-2016. denboraldian Montse Puchek ere errepikatu zuen. A.U.A.