GARA
GASTEIZ

Erasoak salatu eta segurtasuna exijitu dute LGTBIfobiaren aurkako egunean

Bilbon, Durangon, Gasteizen, Baionan, Hernanin, Leioan, Iruñean, Oiartzunen, Errenterian, Orion eta Euskal Herriko beste herri askotan mobilizazioak egin zituzten atzo LGTBIfobiaren aurkako eguna zela eta. Azken bi asteetan izan diren bost erasoak gogoan, «ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak», aldarrikatu zuten.

Iruñean E28 Plataformak deituta egin zuten manifestazioa, LGTBIfobiaren aurkako egunean.
Iruñean E28 Plataformak deituta egin zuten manifestazioa, LGTBIfobiaren aurkako egunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Joan den asteburuan Getxon gertatutako eraso lesbofobo bat, Ortuellan izandako eraso homofobo bat eta Iruñean maiatzean salatutako hiru erasoak salatu zituzten atzo LGTBIfobiaren aurkako eguneko mobilizazioetan Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, kolektibo eta elkarte desberdinek deituta.

Bilboko elkarretaratzea Arriaga antzokiaren atarian egin zuten, E28 Koordinadorak deituta. Iruñekoa, aldiz, manifestazioa izan zen, Baratxurien plazatik abiatuta, eta E28 Plataformak deitu zuen. Gasteizen kalejira ‘transmaribibolloa’ egin zuten, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, Miaukatuz boleibol talde inklusiboak deituta. Baionan ere elkarretaratzea egin zuten.

Herriotan ere mobilizatu ziren: Durangon, Kuir Eztandak deituta; Hernanin, Buruntzaldeko Transmaribibolloek deituta; Leioan UKatu-k deituta; Oiartzunen, Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta; Errenterian, Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta eta Orion, Urola Kostako Transmaribolloek deituta.

Azken erasoez gain, Ehgam-en manifestuan azken hilabeteotan Zarautzen, Bilbon, Tolosan, Gernikan, Soraluzen, Baigorrin eta beste toki batzuetan izandako erasoak gogora ekarri zituzten. Ezagutzera eman direnak izan direla nabarmendu zuten, «baina badakigu gehiago izan direla».

«Tantaka-tantaka izaten dugu erasoon berri: irainak, bultzakadak edo sudurra apurtzerainoko kolpeak jasan ditugu azken urtean genero arauetara ez egokitzeagatik edo gure desirak adierazteagatik», deitoratu zuten. Halaber, erasoak bestelako forma ugaritan gerta daitezkeela gogorarazi zuten; esate baterako, «osasun etxeetako jarrera lesbofobo eta transfoboetan, lantokietan edo pertsona transen langabezia tasetan».

Transfobiaz honakoa adierazi zuten Iruñean egindako manifestazioan: «Penagarria iruditzen zaigu zenbait aktibismok diskurtso transbaztertzaileak defendatzea. Hori dela eta, gure testuingurua berez bortitza da, eta ezin da bizi. Ez dugu onartzen oinarrizko eskubidetzat jotzen dugun genero autodeterminazioaren aurkako diskurtsorik». Bizimodu duina izateko eskubidea ere exijitu zuten.

«AHIZPEK ZAINTZEN GAITUZTE, EZ POLIZIAK»

Ehgam-ek, maiatzaren 17a instituzioek «euren burua zuritzeko» erabiltzen dutela salatu zuen eta argi utzi zuen erasoak ez dituela presentzia polizialak konponduko. «Ez dugu onartzen gure borroka erabiltzea Polizia eta bere jardun biolento arrazista, klasista eta matxista legitimatzeko», adierazi zuten.

«Gizarte patriarkal eta LGTBIfoboa errotik eraldatzea da behar duguna, ez biktima babesgabe gisa tratatuko gaituen sistema polizial bat», argitu zuten, autoantolaketara eta autodefentsara deituz, «gure arteko sareak eta aliantzak indartzera». «Ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak».