Maider IANTZI GOIENETXE
LEITZA

Leitzako emakume artzainei aitortza: «Burua eta bihotza lurrari eman diozue»

Arrosondo bat oparitu zieten Leitzako emakume artzainei, edertasunarekin eta gozotasunarekin batera arantzarik ere badelako bizimodu honetan. Artzainaren irudia gizonarena da, baina emakumeen lana funtsezkoa dela ikusarazi zuten omenaldian.

Izaro Noain eta Lorea Goikoetxea, Lurdes Sorron eta Aintzira Olalderi arrosondoa ematen.
Izaro Noain eta Lorea Goikoetxea, Lurdes Sorron eta Aintzira Olalderi arrosondoa ematen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hirugarren Emakume Artzainen Eguna ospatu zen atzo Leitzan, eta bertako 40 emakume artzaini egindako omenaldia izan zen ekitaldi nagusia. Bazkalaurretik izan zen, plazako karrapean (atarian), eta jende anitz bildu zen. Aurreko edizioetan Larraun-Lekunberrin eta Araitz-Betelun omendu zituzten emakume artzainak, eta euren eskutik jaso zuten leitzarrek oparia.

Artzain mundu honetan Idiazabal gazta da bere adierazpen identitario eta zaporetsuenetako bat, eta gazta horiek egiten dituzten emakumeek, Plazaola Partzuergo Turistikoko kideek, bultzatu zuten ekimena, partzuergoarekin berarekin eta udalekin elkarlanean.

Aitzinean jarri ziren artzain emakume guztiak, ofizioan arituak eta oraindik ari direnak, edo gaztagintza afizio dutenak, dotore jantzita, eta aurreskuaren lehen notatik senti zitekeen bizitzaren taupada.

Baserrian, etxean eta landan egiten duten ekarpena eskertu zieten, larre berdez osatutako paisaia, tokiko ekonomia eta kultura bultzatuz, zaintza erdian jarriz beti. Gure iruditerian gizonezkoekin lotzen dugu ogibide hau, baina errealitatean ez dela hala ikusarazi zuten. «Emakumeei tokatu zaie bere gain hartzea artaldearen, etxearen eta familiaren zaintza, batere aitortzarik jaso gabe», adierazi zuen aurkezleak.

Erantsi zuen artzaina eta gaztagilea giltzarri izan direla transmisioa bermatzen eta sektorea eraberritzen.

HARRO

Izaro Noainek, belaunaldi berrien begietatik, bere amonaz hitz egin zuen, hunkituta: «Amona Nikolasa Baraibarkoa da. Ezkondu zenean hasi zen artzaintzan, duela 50 urtetik gora, eta horretan jarraitzen du. Berak beti esaten du gazta saltzeari esker Euskal Herriko hainbat toki ezagutu eta baserria aurrera atera zuela. Bera harro dago horretaz, eta ni ere bai beraz».

Lorea Goikoetxearekin batera, hau ere ama artzainaren alaba, arrosondo bat eman zien Lurdes Sorron eta Aintzira Olalde amatxi-bilobei. Nekea eta babes falta dira arantzak, baina askatasuna, familia eta arnasa edertasuna. Gaurko erritmo azkarra geldiarazteko ispilua. «Milesker, ama, amona, urteetan isilean gorputza, burua eta bihotza lurrari eman diozuen emakume guztiei», irakurri zuten, Lurdesen alabak eta Aintziraren amak idatzi zuen testu ederra.

Segidan, Lontxa Zabaleta Gorritz baserriko artzainak, bizi osoa gaztagintzan eman duenak, gazta berria moztu zuen. Ebaki ondotik goxo usaindu zuen, txalo zaparrada eta musika lagun.

Emakume guztiak banan-banan deitu zituzten, eta eguzki-lore bana eman zieten. Honakoak dira: Miren Alduntzin (izen bereko izeba eta iloba), Begoña, Mare eta Maite Arrizurieta ahizpak, Aitziber Astigarraga, Teresa Bildarratz, Aintzira Olalde, Gotzone Sestorain, Lurdes Sorron, Mikaela, Feliziana, Pakita, Lontxa, Joakina, Mari Karmen, Mari Joakina, Ana Beatriz, Teresa, Aitziber eta Isabel Zabaleta, Arantxa Arraras, Joana Mari Alduntzin, Maria Jesus Agirre, Maritxu Baleztena, Mikaela, Maite eta Maria Jesus Barriola, Frantziska Baztarrika, Miren, Pakita eta Pilar Gogortza, Malen Lizarraga, Eneritz Loiarte, Ima Makazaga, Mila Olano, Maite eta Ester Saralegi, Juliana Sasturain, Amaia Sudupe, Teresa eta Mikaela Sukuntza.

Haietariko batek botatako irrintzi indartsu batekin bukatu zen ekitaldia.

FERIA

Omenaldiaren aitzinetik feria ederra egin zen. Euri arriskua zen, baina eutsi zion, eguzkiak ere kuku bat egin zuen, eta giro polita sortu zen. Axuria erretzen eduki zuten poliki-poliki, eta pintxotan eta platerean zerbitzatu zuten. Gazta dastaketa eta tripotxa erakustaldia ere egin zituzten.

Ketua, zaharra, freskoa... Denetariko zaporeak nahasten ziren ahoan, artzaintzaren ezaugarrien irudi.