12/11/2013

Aurrekontu politika propioa aurkeztu du EH Bilduk, burujabetzan aurrera egiteko

Aurrekontu politika propio baten berri eman zuen atzo EH Bilduk, burujabetzaren bidean urratsak egiten laguntzeko balio dezakeela sinetsita. Inposizioak onartu eta «miseria kudeatzea» ez dela bidea esan du.

Aimar ETXEBERRIA DONOSTIA
P013_f02

Datorren urteari begira aurrekontuen eztabaida prozesuan bete-betean barneratuta daude Hego Euskal Herriko instituzioak. Hori horrela, horien inguruan bere jarrera zein den aditzera eman zuen EH Bilduk Donostian eskaini zuen prentsaurrekoan. Maiorga Ramirezez, Joseba Permachek eta Rebeka Uberak hartu zuten parte eta azken hau izan zen euskaraz hitz egin zuena. Egoera sozioekonomiko eta sozialaren «larritasunaz» hitz egin zuen Uberak, murrizketa sozial eta ekonomiko guztiak burujabetza deuseztatzera bideratuta daudela ohartarazi aurretik.

Ildo horretan, EAJk, PSEk eta PPk, alde batetik, eta UPNk, bestetik, «krisian sakontzearekin batera», zentralismoaren alde egiten dutela salatu zuen. Alde horretatik, «miseria» kudeatzeko aurrekontu proposamenak jaso dituztela adierazi zuen eta, horren aurrean, aurrekontuak osatzeko beste eredu bat badagoela aldarrikatu zuen.

Zazpi oinarri

Hala, aurrekontu politika berri bat garatzeko oinarriak aurkeztu zituen. Batetik, eragile eta herritarren parte hartzea bermatzea beharrezkoa dela esan zuen Uberak, burujabetzaren alde apustu garbia egiten duten aurrekontuak izan beharko liratekeela adierazi aurretik. Ildo horretatik, burujabetzaren aldeko ariketa praktikoak eskatu zituen, «Madrildik eta Europatik ezartzen dizkiguten inposizioei aurre egiteko».

Era berean, gastu soziala eta publikoa oinarri izango lituzketen aurrekontuen alde egin zuen, horiek «inbertsio» bezala ulertuta. Modu horretan, urgentziazko neurriak exijitu zituen, bizi dugun krisiari aurre egiteko. Aukera berdintasuna eta parekidetasuna ere izan zituen hizpide, eta hitzetatik harago joanez alor honek bere diru lerro propioak izan behar dituela aldarrikatu zuen.

Bosgarren oinarria porlanean oinarritutako azpiegiturak gelditzea da, ikerketari, garapenari eta berrikuntzari bide emateko. Ildo honetan, Abiadura Handiko Trena eta gisako azpiegitura erraldoiak diru xahutze itzela besterik ez direla nabarmendu zuen. Diru xahutzeak alde batera utzi eta enplegua sortzea eta beste eredu ekonomiko baterantz abiatzeko plan integral bat ere aldarrikatu zuen Uberak. «Ekonomia soziala da gurea, pertsonen neurrira egina dena eta, era berean, ekologikoki jasangarria», nabarmendu zuen. Azken neurria euskararen normalizaziorako hitzarmen bat lehenestea da.

Lakuako Gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu proposamenaz galdetuta, partida bakoitzaren inguruko azterketa xeheak egiten ari direla adierazi zuen EH Bilduko kideak eta osoko zuzenketa aurkeztuko dioten ala ez bihar esango dutela iragarri zuen.