Anartz BILBAO BILBO

«Running for Crazy», hemigwaytarren maldizioak Zinebin

Zinebi jaialdiak, munduan zehar interesa piztu duten dokumental sortak osatzen duen Beautiful Docs. atalean, Barbara Kopple -bi Oscar sari ditu- ospetsuaren «Running for Crazy» botako du bihar, Ameriketatik kanpo lehen aldiz, 20.00etan Guggenheim Bilbao Museoan.

Dokumentalak, Mariel Hemingway antzezlearen lekukotza ardatz hartuta -Woody Allenen «Manhattan» filmean parte hartu zuen-, buruko gaixotasunez eta nork bere burua hiltzeaz egiten du berba. Jakina da Ernest Hemingwayk bere buruaz beste egin zuela 1961ean, baina ez zen familiako lehena izan, aurretik bere aita beste horrenbeste egina zelako. Ezta azkena ere, bere ondotik bi anaiak eta geroago iloba batek ere berdin bukatu zuten-eta.

Filma Sundance jaialdi entzutetsuan bota zuten lehen aldiz, eta lehen aldia da Europan erakusten dela. Horregatik, Barbara Kopple Zinebin da egunotan. 1946an New York hirian jaioa, zinemagile legez makina bat lan egin ditu, dokumentalak batez ere -Woody Allen edo Mike Tyson-i buruzkoak, esaterako-. Bi Oscar sari erdietsi ditu, bata 1977an, meatzari batzuen istorioa jasotzen duen «Harlan County, USA» lanari esker, bestea 1991n, «American Dream» lanean AEBetan egun gainbeheran diren eta iraganean oparoak izan ziren industria eremuak erakutsita. Baina bi aipamen nagusi horiez gain, Zinebik berak ere saritu zuen, 2000. urtean Ohorezko Mikeldiarekin.

Filma «esperantzari buruzkoa da», dio Kopplek. «Badira gai batzuk isilpean mantendu ohi direnak, estigmatizatuak daude; lan honek gaixotasun mentalei eta suizidatzeko joerei buruz berba egiten laguntzea gura nuke».