Entrevista
Joseba BEITIA
FUTBOLARIA

«Realak baja eman zidanean garbi neukan etxetik kanpo probatu nahi nuela»

Joseba Beitiak lehen urtea du etxetik kanpo. Realean hazi eta hezitakoa da, baina pasa den ekainaren amaieran talde donostiarrak bera ez zuela kontuan hartzen esan zionean, aukera berrien bila abiatu zen. Berak garbi izan zuen etxetik kanpoko bidaia hori egin nahi zuela aurten. Polonian egin zuen aproba, baina ez zitzaion gustatu, eta azkenean Bigarren B Mailako Sariñena taldean amaitu du.

Beitia gustura dago Sariñenan. Arlo pertsonalean lesio pare bat izan ditu, entrenatzaile aldaketak ere bai, baina ongi dagoen guztietan hamaikakoan dago, eta hori ez da seinale txarra. Taldea, ordea, Bigarren B mailako azkeneko postuan dago lau puntu bakarrik lortuta, baina bera seguru dago gora egingo dutela, eta hasiko direla puntuak batzen.

Urte zaila ari al da izaten?

Garbi dago sailkapenari begiratuta gauzak ez doazela ongi, baina uste dut puntu gehiago edukitzeko adina meritu egin ditugula. Pentsatzen dut lanean ongi ari garela, eta azkenean ereindakoa jasotzen hasiko garela. Seguru nago laster iritsiko dela gure lehen garaipena.

Arlo pertsonalean nola doazkizu gauzak ?

Ongi. Etorri eta berehala jokatzen hasi nintzen, eta gero lesio bat izan nuen. Osatu nintzenean azkar hasi nintzen jokatzen, agian azkarregi, eta berriro geratu beharra izan nuen, baina ordutik berriro ere jokatzen ari naiz. Entrenatzaile aldaketa ere izan dugu, baina ongi nagoenean biek hartu izan naute kontuan, eta hori oso garrantzitsua izaten da jokalariontzat.

Nolatan joan zara Sariñenara?

Realak baja eman zidanean, garbi neukan etxetik kanpo joan nahi nuela, eta ahal bazen beste herrialde batera. Poloniara joan nintzen, baina han astebete pasatu nuen, eta ez zitzaidan gustatu, eta itzultzea erabaki nuen. Ordurako uztailaren amaiera zen, eta talde askok beren plantillak itxita zituzten. Euskal talde batzuen eskaintzak izan nituen, baina nik kanpora joan nahi nuen, probatu nahi nuen hori zer zen. Orduan agertu zen Sariñena eta ez nuen zalantzarik izan baietz esaterakoan.

Ez al da arraroa Huescakoa den talde bateko jokalariak Zaragozan bizi eta entrenatzea?

Ba egia esan, kanpotik begiratuta bai, baina hala dira gauzak. Jokalaririk gehienak Zaragozakoak dira, entrenatzailea ere bai, eta etorri garenak ere Zaragozan jarri gaituzte bizitzen. Oker ez banago, bi besterik ez dira Huescako eskualdekoak. Beraz Zaragozan entrenatzen dugu egunero, eta Sariñenara bi astetik behin joaten gara, etxeko partidak jokatzera, alegia.

Nola erantzuten du Sariñenako futbol zaleak?

Ongi. Beraientzat egoera hau normala da, eta nahi dutena guk partidak irabaztea da. Gainera, beraientzat taldea Bigarren B Mailan izatea berria da, eta harmailak betetzen dituzte. Badakite urte zaila izango dela, eta beti gurekin daude, eta hori guk asko eskertzen dugu.

Diru aldetik nola zabiltzate?

Normala den moduan ez da asko ordaintzen duen talde bat, baina beraiek garbi uzten dizute eman dezaketena, eta hilabetearen amaieran agindutakoa betetzen dute. Gaur egun gauzak dauden bezala garrantzitsuena hori da, agindutakoa betetzea, eta alde horretatik hemen ez dago arazorik.

Nolakoa da Manolo Villanova entrenatzaile ospetsua?

Eskarmentu handia dauka. Lehen eta Bigarren mailetan ibilitako entrenatzailea da, eta garbi dago asko dakiela. Ez dauka zerikusirik gaur egungo entrenatzaile modernoekin. Intentsitate handia eskatzen du, lan asko egin behar da, baina ni berarekin oso gustura ari naiz lanean. Eskola zaharreko entrenatzailea da, asko dakiena.

Helburuak mailari eustea izaten jarraitzen al du?

Bai, bai. Salbazioa hamar puntura daukagu, baina aurrez aipatu bezala lanean ongi ari gara, eta puntuak batzen jarraituko dugu. Partida askotan merezi izan ditugu emaitza onak, pasa den igandean Irunen, esaterako, baina ez dira iritsi. Behin, lehen garaipena lortzen dugunean, seguru nago, besteak ere atzetik etorriko direla.

Madrileko eta Kanarietako taldeek zerbait aldatu al dute bigarren multzo honetan?

Nik uste dut multzoa asko indartu dela. Talde oso indartsuak etorri dira. Leganes, Real Madril C, Atletico Madril B edo Las Palmas Atletico, esaterako, oso talde onak dira, jokalari oso onak dituzte, eta multzoari indarra eman diote. Nire ustez iaz baino multzo gogorragoa geratu da aurten.

Huescaren aurkako norgehiagoka al da zuentzat urteko partidarik garrantzitsuena?

Bai, hemengo zaleak partida horren zain daude. Han jokatu genuen, eta egia esan oso zorte txarra izan genuen, eta galdu egin genuen. Itzulerakoa gure zelaian jokatu beharko dute, eta saiatuko gara irabazten. Honelako derbiak jokatzea denontzat da polita, baita kanpoko jendearentzat ere.