A. ARRUTI DONOSTIA

Azken txanpako hiru saiotan erabakiko da abenduaren 15eko finala

Irailaren bukaeran abiatu zena bukaerara iristen ari da. Lau saio baino ez dira gelditzen Bertsolari Txapelketa Nagusian, bigarren itzuliko hiru finalaurreko eta abenduaren 15eko final handia.

Baina azken txanpan egonagatik, sailkapenean gauzak ez daude batere erabakita. Finalaurrekoen lehen itzulian ikusi da edonork egin dezakeela estropezu edo gora. Bertsolari mordoa dago puntu gutxiren barruan, finalerako faborito zenbait sailkapenean nahiko behean daude eta saio on bat eginez gero, finalera sartzeko «berri» ugari tartean. Izan ere, gogoratu behar da finalaurrekoetako bi itzulietako puntuak batzen direla finalera sailkatzeko.

Gaur Elizondon izango da lehenengo saioa. Amets Arzallus (717), Beñat Gaztelumendi (697), Iñigo Mantzizidor «Mantxi» (667,5), Jokin Uranga (657,5), Julio Soto (639,5) eta Unai Iturriaga (649) ariko dira bertan.

Saioa 17.30ean hasiko da Baztan pilotalekuan. Azken saio guztietan eta gelditzen direnetan bezala, sarrera guztiak agortu dira, eta beraz, ez dute txarteldegia irekiko. Bigarren itzuli honetan aldatu egingo dira ariketak. Puntu erantzunik eta seiko motzekorik ez da izango. Horren ordez, hamarreko txikian eta puntutan egin beharko dute.

Bihar, berriz, Donostian jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Aitor Sarriegi (688), Alaia Martin (667), Etxahun Lekue (649), Fredi Paia (661,5), Igor Elortza (722) eta Jon Martin (640,5) izango dira kantuan. Saio hau lekuz aldatu behar izan dute azken momentuan, Atano III.etik Gaska kiroldegira, aforo handiagoa duelako. Halere, esan bezala sarrera guztiak amaitu dira.

Hirugarren finalaurrekoa datorren larunbatean izango da, Maule-Lextarren. Agin Laburu (650), Aitor Mendiluze (694,5), Jone Uria (653), Sustrai Colina (706), Jexux Mari Irazu (638,5) eta Unai Agirre (670,5) izango dira Ororena ezker paretan.