IKUSMIRA
IKUSMIRA

Indarkeria matxista, egunero eta belaunaldietan zehar agertzen den egiturazko arazoa

Atzo, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, hainbat protesta izan ziren. Halaber, instituzioek ekitaldi eta adierazpen ugari egin zituzten. Emakumeen kontrako bortxakeria fisikoa ondoriorik nabarmenena eta tragikoena da, baina arazo askoz konplexuago baten katearen azken maila da, emakumeak baztertzen dituen sistemak eragiten duen ondorioa, alegia. Eta egiturazko arazo gisa heltzen ez zaion artean, urtean behin adierazpen arranditsuak eginda edo eraso larri bat gertatzen den aldiro aurpegi serioa erakutsita ere, bere horretan iraungo du. Gizarteak harrituta eta asaldatuta ikusten du sistema patriarkalaren balioak gazteen artean ere noraino errotuta dauden eta aurreko belaunaldien eskemak nola errepikatzen diren, horien ereduak gizona gogorkeriarekin eta emakumea fintasunarekin identifikatzen dituen bereizkeriaren araberakoak direla. Eta arazoa kezkagarriago egiten duena, eguneroko bortxakeria horrek inor gutxi aztoratzen duela, hain da ohikoa.

Atzo egun aproposa izan zen emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, baina gaur ere -egunero- egun aproposa da salaketa horretarako, kontzientzia hartu eta arazoaren errora jotzeko.