IKUSMIRA
IKUSMIRA

Ramon Barea, antzerkia bizitza duena, saritua

Ramon Barea, Espainiako Antzerki Saria eskuratuta, ezagunagoa izango da atzotik Estatu espainolean, urtean behin ematen den sari potoloa baita. Euskal Herrian ere ezagunagoa izango da, nonbait; edonola ere, atzo arte ere nahikoa ezaguna zen hemen. Ezaguna, hainbat filmetan parte hartu duelako, eta onartu beharra dago errazagoa dela ospetsua izatea zinema munduan jarduteagatik antzerkian jarduteagatik baino; hala ere, nork ez du gogoan Comicos de la Legua antzerki taldea? Gazte gutxik, jakina, 60ko hamarkadaren bukaeran hasi zen taldea izanda, baina garai hartako kultur mugimenduaren berri dakien edonork gogoratzen bide du. Eta askoz gehiagok Karraka taldea, 80ko hamarkadakoa baita. Talde bion sortzaile izan zen Barea. Eta ofizio, afizio, grina hura berehala uzteko asmorik ez zuela erakutsiko zuen, ibilbide luze eta oparoa baita harena. Hain zuzen, Antzerki Sariaren epaimahaiak ibilbide hori nabarmendu du, batez ere antzerkiari osoki emana izan den -eta den- gizon baten ibilbidea delako. Izan ere, antzerkia bizitza duela, haren ezagutzaile aparta da, generoaren alderdi guztietatik gainera, aktore ez ezik, idazle, zuzendari eta ekoizle ere bada eta. Sari garrantzitsua jaso du teatro gizon bilbotarrak, mundu horretan bere kasa hasi zenak, merezimendu osoz jaso ere. Ez baita gutxi antzerkiari eman diona.