IKUSMIRA
IKUSMIRA

Europar Batasunaren eta Errusiaren borrokaleku da Ukraina; Ekialdea ala Mendebaldea da aukera

Ukrainarren bihotza eta gogoa irabazteko borroka aspaldikoa da. Eta borroka horretan aukerak ez dira nolanahikoak. Errusiaren eraginpeko eremuan jarraitu eta Ekialdera begira loturak estutu ala, Mendebaldera begiratuta, Europar Batasunarekin elkartze akordioaren bidetik jo noizbait EBko partaide izatea helburu. Eta aukera bakoitzaren atzean, Ukraina borrokaleku hartu duten aurkari boteretsuak daude: Errusia eta Europar Batasuna. Viktor Janukovitx presidentearen kalkuluen arabera, epe motzera begira bederen, botere eta diru mailan onuragarriagoa zaio Errusiaren alde apustu egitea. Eta horregatik, urteetako negoziazioen ondoren EBrekin mamitutako elkartze akordioa «izoztu» du, Vilniuseko europar gailurra hankaz gora jarri eta ukraniar asko sututa.

Vitali Klitschko boxeolariaren inguruan bildutako oposizioak protestak antolatu eta gogortu ditu. Bere momentuan «iraultza laranja» txalotu eta hauspotu zuten Europako erakunde eta komunikabide gehienen onespena eskuratuta, noski. Goiz da protesten irismena aurreikusteko, are gehiago ukraniarrak izan gabe hauek gatibu hartu dituzten beste jokalari batzuen partida batez ari garenean.