IKUSMIRA
IKUSMIRA

EAJ, bere sokako ertzain amorratuak saritzen

Isiltasunaren legea, omertà, idatzi gabeko kodea izan ohi da polizien eta beren hierarkia politikoaren artean. Basakeria polizialak atmosfera horretan arnasten du. Kultura polizialaren parte da, iraganean bezala, etorkizunari begira mehatxugarri ageri dena. GARAk gaur jakitera ematen duen informazio berriak dioenez, herri honetan inoiz gertatu den basakeria handienetarikoa -Lasa eta Zabalaren gorpuzkiei hilerrian lur ematear zirela beren senide eta lagunei gupidagabe erasotzea- zuzendu zuen agintari polizial bera Iñigo Cabacas hil zuen operatiboaren buruetariko bat izan zen, Raul Otaola hain zuzen. Egun Ertzaintzaren buru berri izateko proposatua izan denak, Jorge Aldekoak, Bilbon manifestariak tirokatu zireneko operatiboa zuzendu zuen legez, Lasa eta Zabalaren senideak jipoitu eta Cabacas hil zuen operatiboan ertzainburu berak azaltzea, EAJren sokako ertzain amorratuak behin eta berriz azaltzea, ez da inongo kasualitatea. Saritzen den leialtasun itsu baten oroigarria baino ez da.

«Sagar ustelaren» paradigmaren bitartez gainetik kendu nahi du EAJk «Cabacas auzia», faktore sistemikoak, eredu eta kultura polizialaren ingurukoak, zigorgabetasuna eta haren kon- plizitateak aztertzeke. Autokritikarik egin gabe, atzoko ertzainburu amorratu berberak etorkizuneko Ertzaintzaren buru jartzea lotsagabekeria galanta da. Iraingarria oso. Estilo baten erretratu ona, baina.