Jon LEUNDA
Entrevista
Jon IRAZU
Aizkolaria

«Azkena ez geratzea, niretzat txapela irabaztearen parekoa izango litzateke»

Jon Irazuren gorakada ikaragarria izan da. Dozena erdi bat urte besterik ez daramatza aizkora jokoan, eta igandean Lehen Mailako Euskal Herriko finalean izango da. Kanporaketako sei onenek izan behar zuten, baina Jon Rekondok istripua izan du, eta leitzarra ez dago une honetan aizkoran aritzeko moduan. Zizurkildarra zazpigarren izan zenez, berak beteko du nafarrak utzitako lekua.

Irazuk lehen aldiz jokatuko du Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Orain bi urte Hirugarren Mailan zegoen, eta bi urteren buruan onenen artean dago zizurkildarra.

Ustekabeko finala?

Bai. Kanporaketan zazpigarren izan nintzen, eta ez nintzen sailkatu. Orain Rekondok istripua izan du, eta berak aritu ezin duenez, nik jokatu behar dut. Alde batetik, ilusio handia egiten dit han izateak; bestetik, Rekondok pena ematen dit, berak irabazi baitzuen han egotea.

Horren denbora gutxian nola prestatzen da honelako final handi bat?

Ez da erraza. Intentsitate handiko bi aste izan dira, lan handia egin dugu, eta horrekin joan behar dugu. Jendeak ulertuko du nire egoera, ez baita erraza horren denbora gutxian final bat prestatzea, ez fisikoki bakarrik, buruz ere ez. Dena dela, saiatuko naiz dena ematen eta ahalik eta lanik onena egiten.

Orain dela bi urte Hirugarren Mailan zeunden, eta aurten, berriz, final handia jokatuko duzu. Honek guztiak bultzada handia emango dizu, ezta?

Ikaragarria. Azken batean, ez daramatzat urte asko aizkora munduan, eta oraindik ikasteko asko daukadala uste dut. Hiru urtetan hiru mailetako finalak jokatuko ditut, eta bide onetik noala esan nahi du. Aurrera begira ere indar handia ematen du.

Azkena ez geratzea izango al da zure helburu nagusia?

Dudarik gabe. Hori da nire erronka, eta bosgarren amaituko banu, txapela irabaztearen parekoa izango litzateke. Azken unean finalean sartu, eta azkena ez geratzea ikaragarria izango litzateke niretzat.

Zizurkildarrentzat ere polita izango da, azken urte hauetan bezalaxe, aurten ere ordezkari bat izatea, ezta?

Bai, dudarik gabe. Azken urte hauetan Otaegi izan da, eta aurten, ni, baina pentsatzen dut denontzat politagoa izango litzatekeela biok izango bagina. Josebak, ordea, azkenaldian ez du zorterik izan lesioekin, eta aurten hori ez da posible izango.

Nazabal horren faborito garbia ikusten al duzu?

Bai, baina kontuz Otañorekin ere, Unai oso ongi ikusten baitut. Nazabal besteen gainetik dago, baina bakarren bat gainera joaten bazaio, askotan ez du tentsio hori jasaten eta ikusi beharko da.

Otaño al da faboritoari aurre egin liezaiokeen bakarra?

Ez. Denak daude ongi prestatuta. Garbi dago Otaño hor ibiliko dela, baina Azurmendi ere ez da ahaztu behar, lan hauetan behetik gora joaten da, eta ez da behin ere baztertu behar. Olasagasti ere ongi prestatuta dagoela ikusten dut, eta Atutxa ere bai. Nazabal da faborito, baina ikusi beharko da gauzak nola joaten diren.

Txapelketaren ostean apusturen bat egiteko asmorik baduzu?

Baztertzen ez dudan zerbait da. Azken batean, ez naiz ni bakarrik, nire inguruan jende ugari dabil, eta denon artean hartzen ditugu erabaki guztiak, baina apustuei buruz zerbait hitz eginda gaude. Ikusiko dugu, hala ere. Dena dela, garbi daukat apustua ez dudala egiteagatik egingo, ongi pentsatuta egingo dut. Nolanahi ere, lehenengo finala daukat, eta une honetan igandeko saio hori bakarrik daukat buruan.