N.BELASTEGI DONOSTIA
DURANGOKO AZOKA

Harpidetza oparitzeko aukera ere eskaintzen du GARAk

Asko zarete NAIZ zein GARAren harpidetza egin duzuenak, baina oraindik egin ez dutenek aukera aparta izango du Durangoko Azokan norberarentzako edo beste norbaiti oparitzeko kutxa bereziak erosteko. Horiekin batera, azken hilabeteetan argitaratutako liburuak ere salgai daude. Aipagarrienetako bat, Eva Forestek idatzitako «Operación Ogro», Carrero Blancoren kontrako erasoaren 40. urteurrena betetzen dela-eta berrargitaratu dena.

Aurten ere Durangoko Azokan dago GARA eta Gabonetara begira eskaintza bereziak ditu. Landako guneko Barrenkaleko 18., 19. eta 20. postuetatik pasatzen denak informazioa bertan eskuratu ahal izango badu ere, hemen duzue aurrerapen bat.

GARAk eta NAIZek duela gutxi abian jarritako harpidetza kanpainak arrakasta handia ari da izaten eta zuetako askok jada proiektu honen parte zarete, baina norbaitek oraindik harpidetza egin ez balu edo beste norbaitentzat egin nahi badu, Durangoko azokan aukera desberdinak izango dira. Eskaintzen artean aipagarriak dira oparitarako kutxa bereziak. Horiek sei hilabeterako harpidetza moduan eskuratu daitezke, eta hautatutako harpidetza motaren arabera (L, XL edo XXL), kamisetaz gain liburu bat eskuratuko dute erosleek. Hala, L harpidetza digitalak Naiz.info-n egunean ordaintzekoak diren bost edukietara sarbidea (bost klik) emango dio erabiltzaileari sei hilabetean zehar 30 euroren truke. Horrekin batera «Euskal Kantutegia» liburuxka eskuratuko du.

XL harpidetzarekin, sarbide osoa, hau da, klik mugagabeak izango ditu 60 euroren truke eta liburuok izango ditu aukeran: «Euskal Kantutegia» liburuxkaz gain, «Recorridos a los castillos del Reino de Navarra» eta «Euskal Herriko Surf Gida».

XXL harpidetza hautatuz gero (90 euroren truke), berriz, klik mugagabeak izateaz gain, erabiltzaileak orrialdeak deskargatu ahal izango ditu. Aukeran izango dituen liburuen zerrendari «El libro de la Navarra perdida» eta GARAk argitaratu berri duen «Operación Ogro» gehitzen zaizkio honela. Interesa duenak, gainera, paperezko edizioa jasotzeko harpidetza edo tableta barne hartzen duen harpidetza ere egin ditzake. Azken hau gailuaren finantziazioaz arduratzen da erabiltzaileak urtean zehar zatika ordaindu dezan.

Nobedadeak

Aurretik aipatutako liburuei helduz, Eva Foresten «Operación Ogro. Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco» azpimarratuko genuke. GARAk literatura politikoaren klasiko hau berrargitaratu du gertaeraren 40. urteurrena gogora ekartzeko. Edizio berritu honetan, grafiko eta dokumentuak gehitu ditu, baita Alfonso Sastreren hitzaurrea ere.

ETAko Txikia Komandoko kideek 1973ko abenduaren 20an egindako atentatuaren berri eman zioten Eva Forest idazleari. Gertaera hark historiaren ibilbidea aldatu zuen.

Pello Guerra kazetariak egindako lana ere nabarmentzekoa da, XVI. mendeari egindako begirada sakonari esker «El libro de la Navarra perdida» eman baitu. Abiapuntua 1557 urteko benetako gertakari bat da: espainiar administrazioak erreinuaren Arma-Liburua lapurtu eta desagerrarazi zuen. Hortik aurrera, intriga eta espioitza istorio bat kontatzen digu eleberriak.

Guerra bere azken lana sinatzen arituko da gaur 11.00etatik 14.30era eta 17.00etatik 18.00etara. 16.30ean, berriz, Azokako Areto Nagusian izango da liburuaren inguruko mintzaldian.

Harpidetzen eskaintzen barnean ez dagoen arren, GARAren standean aurkituko dugun beste liburuetako bat da «Letras para la libertad. `Egin', dos décadas de periodismo independiente», «Egin» egunkaria itxi zutenekoaren gaineko hogeita zazpi lekukotza biltzen dituena. Bertako zenbait langileren artean egindako lana da honakoa, oraindik ere kartzelan dauden hamaika egunkariko buruen oroimena eta askatasuna aldarrikatzeko egina. Jose Luis Elkoro fundatzailearen eta Jabier Salutregi itxieraren uneko zuzendariaren hitzak biltzen ditu, besteak beste, liburuak.

Eskuliburu erabilgarriak

GARAk bestelako liburuak ere eskaintzen ditu egun hauetan. Esaterako, gai anitzeko hiru eskuliburu eta gidak. Haritz Larrañagak eta Mikel Troitiñok idatzitako «Euskal Herriko surf gida. Ehun urautsi eta olatu baino gehiago» lanak lehen aldiz kostaldeko hiru herrialdeak barne hartzen ditu. Surfaren gaineko argibide guztiak aurkituko ditu irakurleak; non eta noiz egin, itsas-hondoak, itsasaldiak, segurtasuna... Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko 89 urautsi eta 109 olatu fitxatan sailkatzen ditu, banan-banan. Bi egileak bihar izango dira aleak izenpetzen, goiz eta arratsaldez, eta 17.30ean hitzaldia egingo dute areto nagusian.

Nafarroako Erresumaren historiaren berri sakonago jakin nahi duenarentzat aproposa da «Recorridos a los castillos del Reino de Navarra», Juan Mari Feliuk eta beste autore batzuek egindako gida. Nafarroa Bizirik elkarteak sustatutako lan honek gaztelu eta gotorleku zaharrak bisitatzeko ibilbideak agertzen ditu, horien inguruko informazio zabala gehituz.

Azkenik, «Euskal Herria Kantuz» liburuxka dugu, Euskal Herrian 101 abesti kantatuenen hitzekin. Belaunaldi guztiei zuzendutako lana da, kantu jiretara eramateko aproposa. Bertan aurkituko ditugu kantu herrikoiak, tradizionalak, berriagoak, bai eta gaur egungoak ere.

GARAko standean erosketaren bat egiten duen orok bi opari eramango ditu etxera. Batetik, Harkaitz Canok idatzitako eta Koldo Landaluzek ilustratutako «Izozteko adina» liburuxka jasoko dute. Kontakizun futurista hori atalka argitaratu zuen udan GARAk, baina orain osorik eskuratu ahal izango da aldizkari formatuko argitalpen batean. Eta horiek guztiak eroso irakurtzeko, lanpara txiki erabilgarria ere opari eramango dute erosleek.

Artisautza hedatzeagatik GARA saritu du Arbasok

Arbasok, Euskal Herriko artisautza tradizionala sustatzeko elkarteak eta urtero legez abenduaren 8ra bitarte Durango erdigunean den Azoka Zaharrean Euskal Denda paratu duenak -hemezortzigarren urtea ei dute-, Artetsu 2013 Sariak banatu zituen atzo.

San Agustin kulturguneak hartu zuen ekitaldi xume eta fina kilt artean eta Eskoziako gaitaren doinu tradizionalak lagun hasi zen, ez baita alferrik independentzia lortzeko bidean den herria aurtengo Durangoko Azokan herrialde gonbidatua. Igor Elortza eta Eneko Abarkas ere izan genituen bertsotan, etxekoen ordezkari. Azken honek «gaur hemen hainbeste sari, bihur bedi omenaldi, belaunaldiz belaunaldi, egin duzuen lanari» botata laburtu zuen hitzorduaren xedea.

Sariak «aitortza xumea dira», adierazi zuten Arbaso elkarteko kideek, artisauak krisi garai gogorrak bizitzera ohituta direla argitu eta errenkadan sari banaketa egin baino lehen. Aurrena, iaz publikoak stand-ik dotoreentzat berea jo zuela-eta, Richard Santanak jaso zuen saria, eta Oihane Lejarreta elorriar neskato gazteak gero, berea baita, Arbasoren ustez, aurtengo politena. Eskoziatik gonbidatu duten artisauak ere jaso zuen aipamena, agertu duen grina eta ilusioa direla-eta.

Artetsu 2013 Sariak atalari dagokionez, euskara sustatzeko egindako lanagatik Paul Bilbaok jaso zuen saria, Kontseiluaren izenean, eta tradizioaren alde agertu ohi duten kemen eta eskuzabaltasunagatik Iñaki Muruak, Bertsozale elkartearen izenean. Erakundeak lagun izeneko saria Bizkaiko Aldundiko Turismo sailak jaso zuen.

GARA egunkaria ere sarituen artean izan da, euskal artisautza hedatzeko egindako lanagatik. Egunkariko Marketin arduradun Asier Iñigok jaso zuen saria, eta lankide guztien izenean ondoko hitzokin eskertu zuen jasotako aipamena: «Artisautza gure ondarea den heinean gure egitekoa da hori ondo islatzea, ez iragan loriatsu baten izenean, baizik eta gaurkotasunaren ikuspegitik ekonomiaren eta kulturaren izenean».

Aipatutako guztiez gain, Nafarroako Brun burdingile familiak bizitza osoan egindako ahalegina ere saritu nahi izan zuen Arbasok. Zazpi belaunaldi daramatzate artisautza lanetan, eta horietariko hiru agertu ziren oholtzara, haurrak tarteko. Zalantzarik gabe, ekitaldiko unerik hunkigarriena izan genuen, oso txalotua.

Bere jarduna «tradizio ta historia dira biharko harrobi eta eguneroko ogi. Kultura plaza izaera eman nahi diogu Durangori. Ta plaza erdian berori, artisau artista hori; ondo etorri denori» esanez jarduna hasi zuen Elortzak bukaeran kantatu zuena kontuan hartuta agurtu genuen sari banaketa: «Made in China jazten gara eta bertsotan ingelesez egin. Denok artisau izan beharko genuke, mundua mundu izan dadin». Anartz BILBAO