Ane ARRUTI
DURANGOKO AZOKA

Kulturzaleen itsasoak gora egingo duen itxaropenean

Zabaldu ditu ateak kulturaren plazak. Lehenengo egunean ikasle uholdea izan zen goizean eta itsasbehera, arratsaldean. Ikusiko da Hego Euskal Herriko gehienek gaur lanera joan beharrik ez izateak urak noraino igotzen dituen.

Kulturzaleen itsasoak gora egingo duen itxaropenean
Kulturzaleen itsasoak gora egingo duen itxaropenean

Bi mundu bizi izan ziren atzo Durangoko Azokan. Goizean, gaztetxoek hartu zituzten erakustokiko kale eta inguru guztiak; «benetan marea gazte bat izan da, nik behintzat, pertsonalki, zarata hori, bizitasun hori eskertu dut, ilusio itzela. Hasiera bikaina; izan da esatea bezala `etorkizuna hemen dago!'», adierazi zuen Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak. Arratsaldean, ordea, beherakada nabarmena iritsi zen. Lasaitasuna batetik, liburu, disko nahiz gainerako emanaldiez gustura gozatu ahal izateko. Baina, stand-en bestaldean, beso gurutzatuak, jende apurraren joan- etorriei begira, salgaiak behin eta berriro txukun jarriaz. Jende askorentzat gaur jaieguna izango da eta erantzunean nabarmenduko dela espero dute bai antolatzaileek, baita saltzaileek ere. «Hau bagenekien horrela izango zela. Bihartik aurrera ikusiko dugu», azaldu zuten.

10.30ean zabaldu ziren ateak, ez zailtasunik gabe, «joan naiz zabaltzera eta ezin, alde bat bai, baina bestea ezin», aitortu zuen Mujikak umorez. Aldaketa dezenterekin dator 48. edizioa. Landako barruan kalez aldatu dituzte betikotuta ziruditen postuak; liburuak hona, musika beste aldera, egunkari eta aldizkariak hara... Ate nagusiaren kontrako aldean ere bigarren bat zabaldu dute. «Ate biak zabalik egoteak ere, nik uste, estetikoki eman diola beste bizitasun bat».

«Ez dago Ahotsenea!», entzun genion bere liburua aurkeztera korrika iritsi zen bati. Ez dago toki berean, baina hor dago. Trenbidea lurperatu dutenez, Landako eta Plateruenaren atzealdean kokatu dute aurten, Montevideo kalearen ondoan, bertatik bertara. Ikasleei zuzendutako hitzaldi batekin zabaldu zituen ateak sortzaileen guneak. Izan ere, lehenengo aldiz, Azokako gune guztiek ikasleentzako programa bateratu bat prestatu dute aurten eta Euskal Herri osoko ikastetxetako 1.000 ikasle pasatxok hartu zuten parte ekimenetan. Horiez gain, mordo bat gehiago ere izan ziren Durangon.

Denborak bide onetik doazela erakutsi diela adierazi zuen Gotzon Barandiaranek, Ahotseneako arduradunak. Indarra hartzen ari da gune hau, eta barruan zein atarian sortzen dira taldetxoak, idazle edo musikari kutunengana hurbiltzeko irrikitan. Goizeko hamaiketan EH Sukarrak ekin zien zuzenekoei. Arraroa egiten da ordu horietan rock kontzertu bat, baina berotu eta euren ereserkiarekin eman zioten amaiera ordu erdiari. Horixe da legea, lau egunetan 76 emanaldi izango dira bertan.

Ordu berean ekin zion Joseba Irazokik Plateruenan ikasleei euskal kantagintza hurbiltzeari. Kantu ezagunen bertsioak eginez, bere estiloan -gitarra, bonboa, txindata...-, begiak zabal-zabalik zituzten ikasleek, eta irakasleak ere gustura. Bermeo, Kanpezu, Baiona, Kanbo, Ermua... denak parte hartzeko gogotsu. «Zertara etorri zarete Durangora, erosketak egitera? Ligatzera?», galde egin zien beratarrak. Eta denek baietz oihu. Horretarako ere aukera ematen du Durangok, antza. Kontatu zien haurrei Su Ta Gar izan zela Euskal Herrian heavya euskaraz jorratu zuen lehen taldea, slide-a bluesa egiteko erabil daitekeela... Ruper Ordorika ea ezagutzen zuten galdetu zien, eta honi ere baietz ikasleek, baina «Hautsi da anphora» kantua gehitxo izan zen agian. «Sarri Sarri» eskatzen zioten gazteek, telebistan ikusi zutelako, ziur aski, eta iritsi zen, azkenengo kantua, eta berarekin batera eromena. Denek nahi zuten kantatu eta denak oholtzara. Saltoka amaitu zuten emanaldia, Irazoki inguratuz. «Super guay egon da», aitortu zuen neskato laukote batek bukatu orduko.

Eguerdi aldera bitartean ibili ziren gazteak batera eta bestera, autobusak eskola-egun berezi honen amaiera ekarri artean, Landako gunea ia husteraino.

Eskoziako gaitak eta Reno

John Stewart eta John Boldaun eskoziarrek, gaitaz eta gitarraz, eta kilta eta guzti, nola ez, girotu zuten arratsaldean inaugurazio ekitaldia. Eskozia baita, izan ere, aurtengo edizioko herrialde gonbidatua. Itsaso zabal batek banatuagatik, Euskal Herriarekin harremanetan mendeetan zehar daudela azpimarratu zuen Mujikak agintarien aurrean. Joxemari Carrere ipuin kontalariak lotu zituen bi herrialdeak, Bizkaiko Jaun Zuriaren istorioa kontatuz eta kantatuz, Eskozian erregea bere semeak hil eta honen arreba Euskal Herrira nola iritsi zen azaldu zuen Carrerek, Mundakan lehorreratuz lehendabizikoz.

Bertan zen William Douglass antropologo amerikarra ere, gaur Argizaiola saria jasoko duena euskal diasporaren eta euskal kulturaren gainean egindako ikerketengatik.

Gaur ere ekitaldi mordoa izango da Durangoko Azokako zortzi guneetan. 10.30ean zabalduko ditu ateak Landako guneak 20.00ak arte eta ikusiko da jendeak nola erantzuten duen. «Gerrikoa estutu» beharreko garaiak direla esan zuen Mujikak Azokaren aurkezpenean, aurrekontua 60.000 jaitsi dela eta. Babesle nagusiak, Bizkaiko Aldundiak, %15 murriztu du. Atzo Josune Ariztondok, Bizkaiko Kultura diputatuak inaugurazio ekitaldian adierazi zuen «unean uneko aukeren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak euskal kulturgintzetan jarraituko du, horixe da gure konpromisoa».