GARA DURANGO

Lakuak inbertsioen %60 AHTren lanetara bideratu dituela salatu du EH Bilduk

«AHTn eta porlanean dirua xahutu» beharrean, inbertsioak gastu sozialean egiteko galdegin zion EH Bilduk Lakuako Gobernuari, honek inbertsioen %60 AHTren lanetara bideratuko dituela azaldu ostean.

AHT eta 2014rako Lakuako Gobernua prestatzen ari den aurrekontu proiektua oinarri hartuta, agerraldia egin zuten atzo EH Bilduko kideek Durangon. Bertan, Marian Beitialarrangoitia koalizioko legebiltzarkideak hartu zuen hitza, «azpiegitura handietan oinarritutako garapen politikaren okerra» salatzeko. Hala, Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako aurrekontu proposamenean Gasteizko Gobernuak inbertsioen %60 baino gehiago AHTra bideratu duela azaldu zuen.

Azpiegitura horren alde egiten duten sektore eta eragileek Euskal Herria «negozio gune» modura ulertzen dutela adierazi zuen, «eta ez bizitzeko toki modura». Era berean, «hain gustukoa duten elkarlan publiko-pribatuaren bitartez», diru publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzen ari direla salatu zuen. «Eredu horri eusten diote Jaurlaritzaren aurrekontuek eta guretzat guztiz onartezina da», deitoratu zuen.

Garapen iraunkorra, efizientzia, ingurumenaren zaintza, kontsumo arduratsua eta gisakoak edozeinen ahotan entzuten diren bide orri ardatzak direla nabarmendu zuen Beitialarrangoitiak, baina hitz horiek Lakuako Gobernua aurrera eramaten ari den politikarekin ez datozela bat gaineratu zuen. «Guretzat hori da hartu beharreko norabidea, baina AHTk ez garamatza bide onetik», ohartarazi zuen.

EH Bilduko kidearen esanetan, koalizioaren ustez AHT inoiz ez da zentzuzkoa izan, «baina are gutxiago, egun. Gero eta pobreagoak garen honetan, izango al dugu ba dirurik tren hori hartzeko, inoiz martxan jarriz gero?». Ildo horretan, AHT lehentasunezko proiektutzat jotzea herritarren interesak «guztiz albora uztea» izango litzatekeela adierazi zuen, «hezkuntzan, osasunean eta gizarte babesean hain murrizketa latzak egin diren garaian».

Datak eta loturak

Koalizio independentistako kideak gogorarazi zuenez, Madrilgo Gobernutik iritsiko diren 350 milioiez gain, beste 15 milioi euro jarriko ditu Lakuako Gobernuak AHT egiteko, «eta amaitutakoan ez du Euskal Herria kanpoko herrialdeekin lotuko, ez Paris aldera, ezta Madril aldera ere». «2018 eta hortik aurrerako datak ematen dizkigute trena martxan egoterako; Iparralderanzko loturarako, aldiz, 2032a aurreikusten dute», argitu zuen. Eraikuntza lanak izaten ari diren atzerapen eta gain-kostuen ondorioz, 4.100 milioi euro aurreikusita zituen aurrekontua jada gainditu dutela azaldu zuen, «lanen erdia falta bazaie ere».