Amaia GARTZIA ARTZINIEGA

Santxotenaren unibertsora igotzeko «zuhaitz liburua»

Eskultore nafarraren 40 urteko ibilbidea biltzen duen liburua, «El Universo Santxotena», aurkeztu zuten atzo Artziniegako bere tailer-parkean. Lanen argazkiak, testuak, Oteizari buruzkoak eta bere agot jatorriari buruzko aitorpenak bildu ditu Xabier Santxotenak.

Lagunarteko ekitaldia hartu zuen atzo Xabier Santxotenaren santutegi bihurtutako izen bereko Artziniegako tailer-parkeak. Bere museoaren baitan, egurrezko hainbat pieza zaindari, eskultoreak 1970etik orain arte egindako obra guztiak katalogatzen dituen kalitatezko liburu mardula aurkeztu zuen artistak.

Beste arte liburuetatik urrun, artistak bere obra jendearengana heltzeko helburu finkoa izan du, teknizismoak albo batera utzita: «Jendeari lana gustatzen zaio, baina ez da esanahia ulertzera heltzen», esan zuen. Publiko zabalari etxean arte liburu ulergarri eta irakurterraza izateko aukera eman nahi zaio. Hala, egurra, Arizkun, Oteiza eta agotak dira Santxotena unibertsoa argiztatzen duten izar nagusiak.

Teresa Lafraguak, museoko zuzendari eta artistaren emazteak, eta Santxotenak berak egin zituzten aurkezle lanak. Hiru museo zabaldu ondoren «ilusio handiarekin» etorri den liburua izan da, Lafraguak azaldu zuenez, hiru urte atzera izkiriatzen eta sortzen hasi zena. «Santxotena Unibertsoa» zuhaitz bat bezala egituratu da: artistaren sustraietatik hasita, ernetzearekin segituz, eta kimuak botatzeraino.

Bere orrietan barna Javier Torresen 364 argazki eta Aratxu Oiarzabal kazetariaren testuen bitartez, bere hiru museoen historia kontatzen da: Gorrienea Etxe Museoa (Bozate auzoan) -1700. urteko arbasoen etxea eta haien lanak gordetzen dituena-, Santxotena Parke Museoa (Bozate-Arizkunen) -natura eta artea uztartzen dituena- eta atzoko aurkezpena hartu zuen Artziniegakoa. Lehenengo bien kokapena ez da zorizkoa. Santxotena bertakoa da, eta bere agot jatorria aitortzen duen gutxienetarikoa, berak dioenez. Bera ulertzeko lana izaki, ezinbestean eta harrotasunez azaltzen da azken urteetan ikerketetan denbora asko hartu dion agoten historia ere. Horrez gain, lehenbizikoz, bere maisu Oteizarekin izandako adiskidetasun harremana kontatzen da.

Bere obrak albo batera utzita, Oteiza ezagutzeko zorte eta abantailaz aritu zen Xabier Santxotena. Batez ere, 1969. urtean Arantzazuko santutegiko lanetan buru-belarri zegoen bitartean ezagutzea azpimarratu zuen eskultoreak. Ezkion eraikitako Aranzazu jatetxean ezagutu zuten elkar, familiaren ohitura -baita agotena ere- jarraiki, oraindik eskultore ez zen Santxotenaren taillak ikusi zituenean Oteizak. Hark bultzatuta hasi zen eskulturaren munduan barneratzen.

XXI. mendeko agota

Atzoko diskurtsoaren zati handiena eskaini zion artistak bere agot jatorriari, eta arraza ezezagun horren gaineko bere ikerketei, sutsuki. «Ni agota naiz», argitu zuen Santxotenak, «eta hori aitortzen duen oso jende gutxi dago, konplexu handia dagoelako». Belaunaldi batean antzina lotsagarria zena harro egoteko ezaugarri bilakatzeko nahia adierazi zuen. «Baliteke hurrengo liburua agotei buruzkoa izatea», iragarri zuen.

Bakoitzaren unibertsoan aztertu edo azaleratu gabeko alderdiak dauden moduan, liburuan orain arte argitaratu eta ezagutu gabeko bere poemak ere txertatu dira. Santxotenaren alderdi ezezagunena da hau, eta Lafraguak argitu zuenez, argitaratu gabeko hamar bat poema liburu ditu. Kolaborazioen alorrean, besteren artean, Madrilgo El Prado museoko Miguel Zugazak, eta atzoko ekitaldian presente izan ziren Francisco Javier Zubiaur eta Salvador Martin kritikariek ere idatzi dute. Hurrengo asteazkenetik aurrera 37 eurotan liburu dendetan eskuragai egongo da erabateko biografia izan behar duena beraz, agoten inguruko hurrengo lana kaleratu artean.