Xabier Silveira
Bertsolaria
JO PUNTUA

Etxerat, denak etxerat! (Epilogoa 1.1)

Piztu dira argiak, takografoak, isildu da musika, gelditu guda dantza. Hemen soberan gara, argi da. Baina mereziko du, eta zilegi bekit, hamar urteko gauari errepasotxo bat ematea

Zertarako jaioa den dakienak ez du jakin nahi izaten zer ez dakien. Berdin dio, berari bost. Badoanari letorkeenak nola, bada, berdin-berdin bost axola, joandakoak bai baitaki han eta hemen-i, noiz-nor-a salbuespen, «hor» deritzola. Eguzkia irten aurretik etxeratzea adinako errespetu gabezia litzateke alde egin aurreko banoanaren berri emate eza. Bakarrik gelditzen naizenera arte doazenei banoala eta agur erran beharrak gerarazten nauen horietako bat izandakoa naiz, eta banaiz, paper honetan eta orri hauetan bederen. Ondorioz, banoa eta agur. Baina azkena, azken bat, bat gehiago hartuko ditut.

Piztu dira argiak, takografoak, isildu da musika, gelditu guda dantza. Hemen soberan gara, argi da. Baina mereziko du, eta zilegi bekit, hamar urteko gauari errepasotxo bat ematea. Atzo gaur bihar zen, bihar gaur atzo. Derrigor, beti inoiz izan behar.

«Urteak. Mendeak. Guda isila batzuen etxean, sua bertzeenean. Amesgaiztoak egunez eta beldurra arratsean, garaitzekeon atsekabean. Joan da beste denbora tanta bat, ez da etorri ezer berririk, are gutiago amestutako herririk, edo berririk edo... zer dakit nik! Bake prozesuaren zeruak dakartzan doinu aingerutiarren laztanik jaso ez duzuenek, hemen bizitzeko eskubiderik ez duzuenek, zer ote diozue errateko urte zaharrari? Zer berriari? Negarra afaldu zuten guraso, senide, lagunek, zer eskatu ote zioten Olentzerori? Zer ekarri ote zien? Badaude gauak zure zain egoten ez naizenak, badaude gauak zu gabe hiltzen nautenak. Kartzela. Sasia. Ihesa. Bakarrik. Urruti. Ezin etorri. Egon. Zain egon. Zeri zain egon? Nola zain bizi? Kaleetan argiak zintzilik, zerutik eskegiak, garen hipokrisiaren pertsonifikazio elektrikoa. Erosi. Gastatu. Papa Noel ikusi nahi nuke kartzelan, edo ez, hobe komisaldegian, errege magoekin batera, denentzat poltsa, elektrodoak eta bainera. Ostikadak, irainak, mehatxuak... Eta Olentzero ere bai, kuartelilloan, bere Eusko Labelaren agiria mingain odolduaz sinatzen, jaits dadin menditik lasterka parte ematera. Opariak. Ekonomatoan ba ote dago oparitarako paperik? (...)

Eguberriak badoaz. Azkenean! Errege magoei azken agurra harrika abestu eta alde egin dute beraien kamello-ekin. Beste urte bat gaizki portatzeko. Beste urte bat galtzeko. Mahai-inguruen inguruan galtzeko. Datorren urtean berriro idatziko dut hau, nahiz eta agian beste berripaper batean izanen den eta zuek ez duzuen irakurriko. Hemen ez da ezer aldatzen. Ez da-eta ezer egiten aldatzeko! Lumadun txakurrak, politikari profesionalak, traidoreak, euskal españolistak, español euskaldunak... Festa!

Badaude gauak zure zain egoten ez naizenak, badaude gauak zure zain hiltzen nautenak. Penak. Bertsoak eta malkoak kartzela den erbestera. Bestela, erbestea den kartzelara. Zuen bihotzera. Nirera. Gurera. Irrintziak. Mendeetan atzera botatako guda irrintzi bat entzun da mendi tontorrean.

Goazen bada, herriaren dena direnak, bederen, askatzera, izango ginela esaten genuen hura izatera. Aurrera! Euskal Herrira, etxera ekarri arte, jo eta ke!» (2006ko urtarrilaren 6an). Beti inoiz, beraz.