IKUSMIRA
IKUSMIRA

Irakek arazo bikoitzari aurre egin beharko dio

AEBetako Armadari, Irak inbaditu zutenean, Al Anbar probintzian aurre egin zioten gogorrenik. Ondoren, Bagdadeko Gobernuak inoiz ez du harreman onik izan hango biztanleria suniarekin. Harreman txar horrek okerrera egin du azkenaldion, eta «terrorismoaren aurkako» borroka aitzakia, ez da gehiegikeriarik falta, hala nola diputatu suni baten atxiloketa -eta haren zenbait senideren hilketa- eta Ramadin protestan ari zirenen aurka bortizki oldartu izana. Horrek biztanleria suniaren haserrea eragin zuen eta ISIS Al Qaedaren eskumeneko erakundeak hiri hori eta Falujah bere kontrolpean ezartzea erraztu zuen. Al Qaedak Irakeko egoera Sirian indartzeko baliatu zuen era berean, Siriakoa Iraken berrindartzeko baliatu du, eta Al Malikiren Gobernua, horretaz konturatuta edo konturatu gabe, haren interesak mesedetzen ari da, beharbada. Egoera konplexua da, oso, eta zenbait adituk sumatu dutenez, oso arriskugarria. Izan ere, ez dirudi zentzugabekeria irudikatzen duten agertokia, gerra zibila, alegia. Kasu horretan, Irakeko Gobernuak arazo larri eta bikoitza izango luke aurrean, Al Anbar probintziako tribuekiko bakezkoak egin ezean -honezkero erraza izango ez duena-, gerra zibila ISISek Iraken nahiko lukeen agertokirik onena baita, bertan eta Sirian gerra fronte bakarrean jarduteko. Zaila ematen zuen egoera hark okerrera egitea, baina posible da.