Aimar ETXEBERRIA

Kaltetutako herritarrak Pasaian bertan birkokatzea lehenesten du alkateak

Pasa den Urtezahar gauean Trintxerpeko hainbat eraikin erre zituen sutearen ondorioz kaltetutako familien egoeran ez da aldaketa handirik sumatzen. Atzo bilkura izan zuten Pasaiako Udaleko ordezkariekin, eta besteak beste, Lakuako Gobernuak pasa den asteartean egin zuen eskaintza izan zuten hizpide, zeinaren arabera kaltetu guztiei ostatu emateko adina etxebizitza agindu zituen.

Horiek horrela, eta eskaintza honi zuzenean erantzunez, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak kazetarien aurrean eginiko adierazpenen arabera, nahiago dute etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrak herrian bertan birkokatzea. Horretarako dagoen baldintza posible bakarra, ordea, Pasaian eraikitzen ari diren 64 etxebizitzak amaitzea da. Hasiera batean martxorako prest egongo zirela iragartzen bazuten ere, atzo Agirregabiriak adierazi zuenaren arabera ekaina edota uztaila bitarte ez da etxebizitza hauen eraikuntza amaituko.

Beste kontu batzuen artean, ezbeharra jazo zen unean Lakuak jarritako arreta psikologikorako laguntza Pasaiako Udalak bere gain hartuko duela ere aurreratu zuen.

Era berean, eta bizilagun hauek banketxeekin eta aseguru etxeekin datozen egunetan hasiko dituzten negoziazioei begira, Udalaren parte hartzea bultzatzeko eskatu zien kaltetuei, nahiz eta parte hartze honen helburua inolaz ere ez dela erabakitze eskumenik izateko izango azaldu.

Txostenen zain

Bien bitartean, suhiltzaileen eta Ertzaintzaren txostenen zain jarraitzen dute Udaleko ordezkariek. Suhiltzaileen txostenari dagokionez, egun batetik bestera esku artean izatea espero duela esan zuen Agirregabiriak. Hala ere, albiste txar baten berri eman zuen, kaltetuta suertatu zen eraikinetako baten fatxada mugitzen hasi dela adierazi baitzuen, horrek ekar litzakeen ondorio kaltegarri guztiekin.

Bestalde, eta Ertzaintzaren ikerketari dagokionez, honek bere horretan jarraitzen duela azaldu zuen, nahiz eta pasa den asteburuan bi lekukok euren testigantzak eman zituztela gaineratu zuen.

Gauzak horrela, etxerik gabe jarraitzen dute kaltetuek. Morlans-en dauden etxebizitzen ezaugarriak aztertzen jarraitzen dute, baita kalean geratu diren familiena ere, bakoitzari gehien egokitzen zaion banaketa egiteko.