IKUSMIRA
IKUSMIRA

Gatazka armatuetako haurren egia agerian

Gatazka armatuetan haurrak dira biktimarik errugabeenak, eta haien drama, oro har, oharkabean igarotzen da. GARAk gai hori bere orrialdeetara dakar gaur eta bihar, Kolonbiako gatazkak haurrengan izandako eragina azaleratzeko ahaleginean. Gerra baten testuinguruan bizi diren haurrak lehen mailako arazoa dira, zalantzarik gabe, baina haien egoera bigarren mailan gordeta geratzen da, ez zaie inoiz entzuten, ia inork ez du haien gainean hitz egiten. Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentroa gerrak haurrengan duen eraginaren gaineko txostena burutzen ari da, hain zuzen haurren ahotsak lehen planoan agerrarazteko. Gatazka ez da amaitu, baina gatazka ondoko agertokirako oinarriak ezartzeko ekarpena da, gerra testuinguruan bizi diren haurrak protagonista direla; arlo fisiko zein emozionalean segurtasunik eza ohikoa duten haurrak. Nekazarien, indigenen seme-alabak, baita gerrillarienak ere -hauek batzuetan Estatuaren presio-tresna gisa erabiliak- hainbat biolentziaren erdian bizi dira eta ardura nagusia bizirautea dute, ia negar egiteko ere aukerarik gabe. Gutxienik haur horien egia ezagutarazi beharra dago. Batzuen ustez gatazkaren erdian horri ekitea okerra da; hala ere, egia hori, bizipen horiek azaleratzea, bidezkoa eta beharrezkoa izateaz gain, gatazka gainditzeko ahaleginak premiatzeko bultzada izan liteke.