Ion SALGADO

Gazte Abertzaleen ustez, Erasmusen murrizketak «etorkizuna txikitzea dakar»

Gazte Abertzaleak taldeak Hezkuntza Ministerioak Erasmus europar programan iragarritako murrizketak gaitzetsi zituen atzo. «Wert ministroak eta bere kideek gazteon heziketa oztopatzeko modua aurkitzen dute saihetsetik edo gibeletik izan. Heziketan murrizketak etorkizuna txikitzea dakar, askatasuna inaustea azken finean», nabarmendu zuen EH Bilduko legebiltzarkide eta Gazte Abertzaleetako Nazio Batzordeko kide Arri Zulaikak.

Ohar batean azaldu zuenez, Erasmus Mondus «bizi garen mundu globalizatu hau ulertzeko gakoak emango dizkigun programa da, ezagutzen ditugun kultura eta gizarte mota ezberdinetara egokitzera bultzatzen gaituen tresna da». «Hori murriztea zitalkeria izugarria da», deitoratu zuen Zulaikak eta euskal hezkuntza sistema propioa defendatu zuen.

PSEren galdera

Bestetik, PSEko legebiltzarkide Isabel Celaak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarteri zuzendutako galdera bat erregistratu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Celaak Erasmus programa gauzatzeko onartu diren diru laguntzen epea murriztuko duten jakin nahi du.

Gobernuak diru laguntzak jasotzeko epea murriztuko duen edo ikasleak Europako unibertsitateetan sei hilabete baino gehiago igarotzeko diru kopurua handituko duen galdetu zuen sailburu ohiak.