IKUSMIRA
IKUSMIRA

Kartzela, oinaze eta heriotza eragilea baino ez

Beste preso bat hilda agertu da Estatu espainoleko kartzela batean. Berriro ere, familiak heriotzaren berri eman eta Salhaketa elkarteak jendaurrean jakinarazi artean, presoen bizia bermatzeko ardura duen Estatuko erakundeetako inork ez du hartaz tutik ere esan. Ezkutatu egin dute. Berriro ere, gazte bat, oraingoan 25 urteko bizkaitarra, bere zigorra luze gabe beteko zukeena, hil da ziega baten iluntasunean, Estatuaren instituzioen ilunpean.

Kartzelak hil egiten du, bere hilketak ezkutatzen saiatzen da eta ondoren inoiz ez dio bere erantzukizunari aurre egiten. Estatu espainolak zigor tresna huts gisa ulertu eta erabiltzen du kartzela, lagun presoaren osotasun fisiko zein psikikoa suntsitzea bilatzen duen mendeku gisa. Eta kasu askotan lortu ere egiten du suntsiketa hori. Bere lege propioa urratuz, lege hori presoaren aldekoa denean bete gabe, eta haren kontrakoa denean, behar baino zorroztasun handiagoarekin ezarrita. Gizarteratzea eta gisako hitzak legea jasotzen duen paper baten edergarriak baino ez dira. Beste heriotza ilun bat kartzelan, eta ez da azkena izango den zantzurik sumatzen. Aitzitik, errotiko aldaketarik izan ezean, edozein egunetan gerta liteke beste bat. Prebentzio neurririk, ikerketarik, argitasunik ez dagoen artean, pertsona presoaren duintasuna errespetatzen ez den artean, oinazea eta heriotza besterik ez eraginez jarraituko du kartzelak.