IKUSMIRA
IKUSMIRA

Nafarroako maparen ezkutuko berrantolaketa

Nafar aunitzek ez dute Iruñeko Parlamentuak eurak ordezkatzen dituenik sumatzen, Parlamentu horrek nafarren iritzia jakin gabe, jakin nahi izan gabe, jarduten baitu. Hala salatu dute hainbat udalerri eta kontzejutako hautetsiek Nafarroako maparen berrantolaketaren inguruan Parlamentuak duen jokaeragatik. Aste honetan ateak itxitako bi bilera egin ditu batzorde txostengileak UPNren eta PSNren proposamenak batzeko, eta arau berriak eragingo dienak, udalerriak eta kontzejuak, alegia, ez ditu jakinaren gainean jarri ere. Honako aldaketak aurreikusten ditu lege proiektuak: kontzejuak ezabatzea; 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalak Administrazio Zerbitzuen Elkarteetan biltzea, eta 60 mankomunitateak ezabaturik, hamarren bat foru barruti sortzea, zerbitzuen kalitatea kolokan jarriz. Gainera, berrantolaketaren irizpideak ez dira ekonomiko eta geografikoak, politikoak baizik; esate baterako, zenbait herri, oinarrizko logikaren kontra, ondoko herriekin bildu beharrean, horiek eremu mistokoak baldin badira, urrunago dauden beste batzuekin batera bilduko dituzte, eremu ez-euskaldunean atxikitzeko. Antolaketa berriak mehatxu egiten die demokrazia zuzeneko tradizio luzea duten eta herritarrek hurbilen dituzten administrazio egiturei. Eta ezkutuan aztertzen ari direnen jokaera hastapen demokratikorik funtsezkoenaren aurkakoa da.