GARA

Txarolak 35/02 eta 26/11 sumarioetako auzipetuak aske uzteko eskatu du

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarolak jakinarazpen bat irakurri zuen atzo Ganberan, Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren 76 euskal herritarren epaia «bertan behera» geratzeko eskatuz.

Helburua adierazpenak oposizioko talde guztien onespena jasotzea bazen ere, ez zen hala gertatu eta ondorioz Txarolak bere gain hartu behar izan zuen idatzia.

«Ulermen eta eskuzabaltasun politikoaren keinu gisa, Euskal Herriak bizi duen bake eta bizikidetza une berri honetan, 35/02 eta 26/11 sumarioen prozesu judizialak bertan behera uztea eskatzen dute Batzar Nagusiek, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua», zioen agiriak.

Euskal Herria bake eta bizikidetza helburu duen bidea egiten ari dela gaineratu zuen, bide horretan eragile sozial eta politikoek «urratsak» egin dituztela nabarmenduz. Horregatik, testuinguru berri honi «ausardia politikoz» ekin behar zaiola adierazi zuen, «eskuzabaltasunez jokatuz».

Gauzak horrela, epaiketa politiko gehiago ez daitezela egin eskatu zion Rajoyri, baita «eskandaluzko instrukzio bidegabeetan» oinarritutako epaiketak artxibatzeko ere. Ildo horretan, askatasunez elkartzeko, adierazteko nahiz politikan jarduteko eskubideak errespeta daitezela exijitu zion.