Aiert GOENAGA
ZURI-GORRIEN ORROAK

Iñaki, ze urrun dagoen San Mames...

Gola da futbolaren esentzia». «Gola oso kotizatua dago». «Gol sena baduzu edo ez duzu». «Gola, bla, bla, bla...» Zenbat aldiz entzun ote ditugu baieztapen hauek eta antzekoak? Kontua galduta dugu dagoeneko. Eta zenbat denbora igaro da, Athleticeko aurrelarien gol ezaz azkenengoz aritu ginenetik? Bi aste. Lehen taldeko hiru aurrelarien ekarpena (arrazoi desberdinak tarteko) oso pobrea izan da denboraldi hasieratik egundaino (Aduriz: 26 partidutan, 8 gol -6 Ligan eta 2 Kopan-; Kike Sola: 8 partidutan, 1 gol; Toquero: 11 partidutan, 0 gol). Egoera horrek Guillermo Fernandez gazteari lehen taldeko ateak zabaldu zizkion eta bi partidu aulkian pasatu ostean Valverdek beste bi partidatan hasieratik ipini zuen. Ez zuen golik sartu honek ere zelaian egon zen 129 minutuetan (nahiz eta ordurako 2013an bigarren taldearekin jokatutako 32 partiduetan 16 goleko balantzearekin zetorren). Bigarren taldera bidali dute Zigandaren esanetara lanean jarrai dezan. Oraindik baina, eta Adurizen gol sena berriz esnatzen hasi dela dirudien arren, Kike Sola eta Toqueroren ekarpena urriegia da (gol bakarra bien artean, Osasunaren kontrako bosgarrena, hain zuzen...) eta Txapeldunen Ligan sartu nahi duen talde batek bolbora gehiago behar du aurrealdean. Gol gehiago, alegia.

Eta zuri-gorrien etxean, bigarren taldean zein gazteen mailan, ez dago gola odolean daraman beste inor? Ba bai, bada bat behintzat. Iazko denboraldian gainera ez zuen marka makala utzi 20 urte egiteko bidean den gazteak. 31 partidutan, 31 gol. Eta nor dugu ba jokalari hau? Iñaki izenez eta abizenez Williams Dannis. Iruñean jaioa, ama bilbotarra, Osasunako harrobitik ekarria beste hainbat jokalari bezala eta gutxiri bezalako etorkizuna aurreikusten zaiona. Eta zergatik ez du ba oraindik debuta egin? Adinagatik ez da izango. Gol sena ez erakusteagatik ere ez. Gainera, bere kontratuko etete klausula lehen mailako izarren parekoa bihurtuko da debutatzen duen unean (ez lehenago). Ez nuke pentsa nahi diamantearen koloreagatik denik. Diamante zuriak klasikoak dira inguruotan eta Lezamako zigilua daramaten guztiak kolore hartakoxeak izan dira beti. Baina egungo gizartean dauden mugimendu migratzaileen ondorioz, ez dirudi erreala oraindik Lezaman `ekoiztutako' diamante guztiak ildo klasikokoak izatea. Are gehiago, diamante beltz honek San Mamesen plazaratzen dituztenekin nola konbinatzen duen oraindik ez ikusi izana oso arraroa egiten zait. 97/98 denboraldian, aita Portugaletekoa zuen Roberto Rios Betisetik garaiko 2.000 milioi pezeta ordainduta ekarri, eta Valladolidekin sekulako denboraldia bota zuen Benjamin Zarandona -honek ere aita Portugaletekoa zuen- Riosen prezioaren hamarrenagatik ez ekartzea bezain arraroa. Berriz diot, ez nuke pentsatu nahi horregatik denik; eta ez hori bakarrik, horregatik ez dela sinesten dut hortxe baitugu Jonas Ramalhoren kasua. Baina sinesmen honek arestiko baieztapen, datu eta galderara narama berriz: Athleticeko aurrelariek daramaten lehortea kontuan hartuta zergatik ez du oraindik Iñakik lehen mailan debuta egin? Zergatik da bidea hain luze batzuentzat?

Zure idoloak bezala zelaian korrika ibiltzen.

34 gradu eta izerditan blai.

Nerbioi ertzetatik Iruña zein Bilbora,

hala ibiltzen dira gaurko «futbolistak».

Inork ez dakien nondik irten den baloiaz.

Domekaz domeka, no es barato!

Goiz edo arratsez, nada barato!

Batzutan baraurik, nunca barato!

Gola duzu helburu, zuk beti Iñaki.

Iñaki, ze urrun dagoen San Mames...