Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Isilik nahi gaituzte; altxa dezagun ahotsa!

Urte hauetan zehar bezala, nafar isilak behar dituzte. Domestikatutako herritarrak, gutxi batzuen nagusitasunaren aurrean eskulotuak. Erabakiak hartzeko gaitasunik gabeak

Duela mende bat baino gehiago, Nafarroako familia aberats batzuek «Diario de Navarra» jarri zuten abian. Ordudanik, joan-etorri aunitzetan ibili da egunkari hori, baina sortu zen unetik argi izan dute zuzendaritzakoek jabeen interesen araberako apustua zela eta ez dute, beraz, konplexurik izan oligarkia horren zerbitzura jarduteko. Urrutira iritsi dira ibilbide horretan: Primo de Rivera, Franco, Mussolini eta Hitler babestu ditu «Diario de Navarra»-k. Oroigarria da 1936ko estatu-kolpearen gaineko lehen azala. Eta aintzat hartzekoak «Diario»k sarraskiak zuzendu, bultzatu eta justifikatzeko egin zituenak, irakasle aurrerakoien kontra, esaterako. Eta ez gara soilik ideiez ari: orduko «Diario de Navarra»-ren zuzendaria kolpearen antolakuntzan ibili zen. Odola dario nafar oligarkiaren egunkariari.

Garai batean, hasieran, euskaltzalea izan zen «Diario de Navarra». Gerora, berriz, euskaltzaletasunak bestelako esanahia hartu zuen euskal abertzaletasun modernoa piztu zelarik eta, bereziki, boltxebikeek Errusiako Inperioa irauli ondotik, beldur olatu erraldoi bat zabaldu zen Europan. Estatua, armada, monarkia eta antzeko instituzioek garrantzi berria hartu zuten eliteendako: tsunamiari aurre egiteko ezinbesteko tresnak ziren eta, beraz, bestelako ñabardurak alde batera utzi behar ziren status quoaren egonkortasuna bermatzeko.

Astindutako giro hartan gertatu zen «Diario de Navarra» eta atzean zeuden sektoreen norabide aldaketa. Ia egun batetik bestera, aurretik goraipatutako txistu eta bertsoak kanpotik zetozen ohitura arrotzak bilakatu ziren. Nafar espainolismoa gorpuztu zuten, non eta «Diario de Navarra»-ren inguruan, boteretsuen onerako, bi etsaien kontra: iraultza soziala eta euskal abertzaletasuna. Gerora, frankismoaren erdian, eraldaketa soziala eta abertzaletasuna elkarri lotzen joan ziren, mugimendu berriak agertu ziren, eta argi izan zuen «Diario de Navarra»-k: haien kontra oldartu beharra zegoen.

«Diario de Navarra» oso bortitza izan zen langile mugimenduaren kontra, grebak kriminalizatzen eta patronala nahiz errepresioa babestuz. Gerora trantsizioaren iruzurra eta lurralde zatiketa defendatu zituen. Oraingoan, gogotik ari dira erregimen aldaketa oztopatu nahian. Hasieran bezala, argi dute noren zerbitzurako egiten duten lan.

Eta orain, urte hauetan zehar bezala, nafar isilak behar dituzte. Domestikatutako herritarrak, gutxi batzuen nagusitasunaren aurrean eskulotuak. Erabakiak hartzeko gaitasunik gabeak. Horrela nahi gaituzte. «Diario de Navarra» ez da soilik hedabidea, botere faktikoa ere bada. Horregatik, erregimen aldaketaz pentsatzen dugunean, aztertu beharko genuke halako eragile faktiko-komunikatzaileei aurre egiteko tresnak eraiki ote ditugun.

Gutxi batzuen agindu ahotsen aurrean, askatasun ahotsen ordua da. Batzuk, GARA, «Berria», Euskalerria Irratia, Eguzki Irratia... abian daude, baina gehiago behar ditugu. Ahotsa.info ekimen berriak hutsune horiek betetzen lagunduko du. Horregatik ekimen berri hau bultzatzea komeni zaigu, ahotsa hartu behar dugulako isilik nahi gaituzten nafarrok!