Aimar ETXEBERRIA
INAUTERIAK TOLOSAN

Mozorroaren atzean dagoena delako gakoa

Musika, festa eta imajinazioa soberan. Gai politikoak eta egunerokotasuneko txikikeriak, guztiak ere mozorrorako aitzakia perfektua, umorez eta giro onean beti ere.

Goizeko hamaikak ziren Tolosara heltzerako, eta kafe bat hartzeko gertu nintzen. Autoa aparkatu eta kale aldera abiatu orduko, ordea, musika hotsa heldu zen nire belarrietara. Jendea kalean zen ordurako, festan. Karroza guztiak pronto ziren, bakoitza bere gaiarekin, baina guztiak buruan asmo bera zutela: ongi pasatzea.

Hala, bata bestearen atzean ziren «Euzkitza» sagardotegia, orkestra «gintonikoa», legionario taldea, futbol amerikarreko taldea, zirkuko jendea... Eta, tartean-tartean, «artista» bakan batzuk, ideia «brillanteak» dituzten horietakoak. Denboraleak eramandako Kontxako barandak zituzten batzuek soinean, eta Tolosan zen «la kabra kabrito kabrona» ere. Arrantzale bizardunek ere izan zuten protagonismorik, baita, ETA emulatuz, euren «negozioa» likidazioan zutenak ere.

Eta nola ez, txarangak. Alde guztietatik ateratzen ziren txarangak. Hamarka ezberdin izango ziren atzokoan, karrozen musikaz gaindi, jendearen umorea hobetzen laguntzeko prest.