11/03/2014

ENEKO ROMO
REAL UNIONEKO JOKALARIA

«Ez da erraza egoera honetan, baina gure arloan ahalegintzen gara»
Amaia U. LASAGABASTER

Real Unionen egoera sozial eta ekonomikoa egokiena ez denean, kirol arlokoa ere okertzen ari da azkenaldi honetan. Azken zazpi partidetan garaipena lortu ezin izan ondoren, zuri-beltzak arrisku postuetara gerturatzen ari dira.

Aldea dago oraindik, baina taldearen egoera ez da batere erosoa.

Horrela da, urruti gaude, baina ez dago talde asko tartean. Ondo hasi ginen, trantsiziokoa izan behar duen denboraldi honen helburura lasaitasunez gerturatzen, baina azkenaldi honetan dena okertzen ari zaigu. Arrazoi desberdinengatik, horrela da. Partida klabe batzuetan ez gara ondo jardun, lesioekin zorte handirik ez dugu izan, klubaren egoerak ez du laguntzen...

Horrelako egoeretan esperientziak garrantzi handia dauka. Zentzu horretan, Real Unionek nolabaiteko abantaila dauka, taldea ondo ezagutzen duzuen jokalari multzo bat bildu baitzarete.

Bai, jokoa da garrantzitsuena, baina horretan ere buruak zeresan handia dauka eta beteranoen rolak garrantzia hartzen du. Asko gaude horrelako egoerak bizi izan ditugunak, nola aurre egin ikasi dugunak eta jakintza hori transmititu behar diogu taldeari. Horrekin, gazteagoen gogoarekin eta denon ahaleginarekin, denok batera, aurrera aterako dugu hau.

Eskarmentuak jakinduria ematen badu, Eneko Romo maisu. 202 partida egin ditu dagoeneko kamiseta honekin.

Eta oso pozik nago, egia esan, horrelako zifretara heltzea gustuko kontua da. Are gehiago oso gustura sentitzen naizelako zelaian eta taldearekin. Hala ere, helburua lortu arte, denboraldia lasaitasunez amaitu arte, ez dut kontu horiekin guztiz disfrutatuko.

Urte honetan oso une politak bizi izan dituzu kamiseta zuri-beltzarekin. Txarrak ere bai, baina ez dakit egungoa ez den latzena, batez ere klubaren biziraupena jokoan dagoelako.

Argi dago egoera deserosoa eta kezkagarria dela. Gauza asko entzuten dira Irunen eta denok gaude hurrengo Batzarraren zain, ea zer gertatzen den eta ea irtenbideren bat aurkitzen den.

Horrela lan egitea ez da erraza.

Ez. Hala eta guztiz ere, gure arloan ahalegintzen gara, zeren bestean ezin dugu askorik egin. Egia esan, gure egoera ez da hain txarra ere, azkenean badakigulako kobratuko dugula, klubak dirua utzi baitzuen Federazioan horretarako. Baina, bestalde, Federazioak ez du oraindik askatu, hilabete asko dira kobratu barik eta jendeak azkenean ez du arreta guztia bere lanean jartzen, gainontzeko kezkak ere badauzka eta. Nolanahi ere, guk gurean ahalegintzen jarraituko dugu, gainontzekoa ere konponduko den itxaropenarekin.