Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Leuropa

Behialako Askatasuna, Berdintasuna eta Adiskidetasuna bezalako goiburuak Hipokrisia, Xenofobia eta Bazterketa bilakatu dira Europa modu honetan

Hauteskundeak ate-joka diren honetan Europa hizpide dugu gero eta gehiago. Euro- par izatearen harrotasuna, europar izatearen onurak eta Europaren garrantzia azpimarratuko dira, inoiz ez bezala. Urrun geratzen zaigun Europa hori hurbilduko digute batzuek zein besteek, baina zenbat eta gehiago entzun «Europa» hitza, orduan eta gutxiago sentitzen naiz europarra. Ez da euroeszeptizismo kontua, Europaren ordez Pablo Sastreren «Leuropa» hura etortzen zaidalako da. Leuropa honen hegoaldean ikusitakoak ikusita, garbi dago Leuropara sartzeko ateak garesti daudela, garestiegi beti pobrearentzat, kanpokoarentzat edo «bestearen- tzat». Europa hau lehen mundua baita, Argien Europa da, esportatu beharreko eredua. Giza eskubideen ispilu (hautsia) da.

Horregatik, gure lehen mundu honetako Bilbon troikako agintariak lehiakortasunaz, erreformaz, langabeziaz (ez langabeez), hazkundeaz, doikuntzaz, ongizate estatuaz (!) edota Europako erakundeek egindako lan «zoragarriaz» (Lagarde anderea dixit) mintzatzen direlarik, hotzikara ematen dit bizkarrean.

Ceutan gertatu den azken guardiazibilkeriari «tragedia» deitu dio Espainiako Barne ministroak, Guardia Zibilak ez duela ezer txarrik egin eta horrela iraintzea ez dela justua esanez. Kontzertinak ipini dituztenetik «enpirikoki» frogatu du «etorkin ilegal» gutxiago sartzen dela Leuroparen alde honetara. Eta muga blindatzeko asmoa agertu du, Europa hegoaldeko sarrera zaintzen duen rottweiler espainiarrak. Horregatik Europa entzuten dudan orduko, barkatu baina ezin dut jasan. Ezin dut jasan Europa modu honi darion eurozentrismoa. Ezin dut jasan «eurokeria» guzti hau. Europak agertzen duen hipokrisia guzti hau. Behialako Askatasuna, Berdintasuna eta Adiskidetasuna bezalako goiburuak Hipokrisia, Xenofobia eta Bazterketa bilakatu dira Europa modu honetan. Betidanik eta historikoki herrialde migratzailea izan den Europa honek ateak ixten dizkio orain Afrika aldetik «amets europarraren» bila datozenei. Italiarrak, irlandarrak, euskaldunak... «amets amerikarraren» bila inoiz ibili izan ez balira legez. Memoriak erro motzak dituen seinale.

Takis Theodoropoulus idazle greziarrari irakurri diot duela gutxi Europako eliteak demokrazia ideologian bihurtu duela. Badu bere mamia esaldiak. Europako demokrazia ideologizatu honen izenean desmasia handienak egin baitira betidanik. Elite honentzat Periklesengandik hasi eta Estrasburgorainoko ibilbidea lore-joko bat izan bada ere, historiak besterik dio: demokraziaren sehaska omen den Europa modu hau zanpaketen eta kolonizazio bortitzen emaitza baino ez delako izan, azken finean.

Kontinente batetik bestera baino, miseria gorritik bizi baldintza duinago baten bila itoan heltzen direnei eskua luzatu ordez tiroz erantzuten dien Europa modu honek higuina sorrarazten dit, izugarria baita hondartzak gorpuz beteta ikustea, baina are izugarriago zein normaltasunez barneratzen ditugun irudiok «gu» ez garen «haiek» direla ikustean. Ez dut nire hipokrisia dosia ezkutatu nahi.

Izugarria eta lotsagarria da aldi berean, aitortzen dut. Leuroparra naiz eta ez nago harro.