Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Adeitasunak ez du balio ulermenik ez badago

Feminismoa errealitatea aldatzeko praktika politikoa den heinean, anekdotikoa dena gainditu eta bitartekoak eskaini behar ditu. Horregatik hizkuntza propio honen kode eta arauak azaltzen ahalegin guztiak ezinbestekoak dira

Hizkuntzalarien eta hezkuntza adituen artean ohiko anekdota da honakoa. Noizbait eta nonbait izan omen zen gobernuko ordezkari bat, kontakizun honen protagonista izarra. Politikari horrek pentsatzen zuen ingelesa ikasteko nahikoa zuela hizkuntza horren berba guztien esanahia buruz ikastea. Esaldi batean agertzen ziren espainolezko hitz guztiak ingelesezko baliokideekin ordezkatu eta ikasketaren meritua hor zegoela zioen.

Halaxe ekin zion ingelesa ikasteari. Oroimen paregabea izanik, milaka hitzen esanahia ikasi zuen. Lagunak desafiora gonbidatzen zituen, Diccionario español-inglés-eko edozein hitz galdetzeko eskatu eta automatikoki ingelesezkoa botatzen zuelarik. Puntu honetara iritsita, bere burua prest ikusi zuen AEBetako ordezkari bat bere bulegoko atean paratu zitzaionean. Adeitasun keinu batez bulegora pasarazi eta esertzeko gonbita egitea otu zitzaion. Banan-banan, hitzez hitz, espainoletik ingelesera itzuli zuen pentsatutako esaldia eta halaxe esan zion: «Between and drink a chair». Flipa eginda, bisitariak buelta eman eta bulegotik alde egin zuen.

Ingelesezko nozio batzuk edukita, uler dezakegu gertatutakoa. between espainolezko entre hitzaren lekuan jarri zuen, baina finean, ez zuen zerikusirik espainolezko adierarekin; euskaraz, `bitartean' hitzaren baliokidea izango litzateke. Esaldi guztiarekin egin zuen antzekoa eta, azkenerako, «bitartean eta edan ezazu aulkia» esan zion estatubatuarrari, euskarazko adierara ekarrita.

Pertsonen arteko komunikazioaren oinarrietako bat elkarren artean mezuak trukatu eta horien esanahia ulertzea da. Eta ulertzea ez da gauzak gure ikuspegi partikularrera itzultzea. «Bestea» ulertzea deskodetze ariketa bat egitea da; «bestearen» hizkuntzaren klabe, kode eta arauak ulertuz egiten den sormen ariketa.

Anekdota irakurri eta baliagarri suertatu zait, nire ustez, feminista garenoi gertatzen zaigun fenomeno bat islatzeko, gure bizitza partekatuan gertatzen zaiguna adierazteko. Bizitza misto honetan, hitz konpartituak erabiltzen ditugu: pribilegioak, ezberdintasuna, afektuak, emakumea edo zapalkuntza, esaterako. Printzipioz, pertsona orok daki hitzon esanahia. Baina zenbatetan gertatu zaigu feministoi espazio ezberdinetan gure hizkuntza propioan hitz egin eta ez ulertuak sentitzea? Hona hemen anekdotaren esentzian dagoena: gehiegitan gertatzen da esaten duguna itzultzeko gaitasuna badagoela baina deskodetze ariketan ezintasunarekin topo egiten dugula.

Feminismoa errealitatea aldatzeko praktika politikoa den heinean, anekdotikoa dena gainditu eta bitartekoak eskaini behar ditu. Horregatik hizkuntza propio honen kode eta arauak azaltzen ahalegin guztiak ezinbestekoak dira. Ordea, aurrean paratzen zaigun entzulea pasiboa eta adeitsua bada, anekdota indartu baino ez da egingo.

Martxoaren 8aren edota emakumeen kontrako indarkeriaren azken txostenaren harira hori iruditu zait. Errealitatea eraldatu nahi duen diskurtso feministaren itzulpen orokortua «bitartean eta edan ezazu aulkia» horren parekoa izaten dela sarriegitan.