Maider IANTZI

Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proiektua martxan da Egian eta Diman

Donostiako Aitor ikastolan eta Dimako Ugarana herri eskolan eman ditu lehen pausoak ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko hizkuntza proiektuak. Euskararen Kontseiluko kideez osatutako lantalde batek abiatutako egitasmoa da, duela sei urte jaioa, Euskal Herriko edozein ikastetxetan aplikatzeko moduko eredu bat osatzeko xedez.

Julen Etxeberria Aitor ikastolako ordezkariak ikastetxean eta hau kokatuta dagoen Egia auzoan egindako diagnostikoaren berri eman zuen atzo, Donostiako udaletxean egindako lehen aurkezpenean, eta Udalarekin, auzoko hainbat elkarterekin (20 baino gehiago), gurasoekin, Elhuyarrekin eta Sortzen-ekin batzorde bat osatu dutela kontatu zuen. Auzoko bertze eskolak ere parte hartzen ari dira.

Erran zuenez, ikastolan bermatuta dago euskararen ezagutza; erabilera ez, ordea, eta kezkatuta daude euskara gero eta gutxiago aditzen delako, baita patioan ere. Hori aldatzeko, adibidez, futbol elkarte batekin jarri dira harremanetan entrenatzaileak euskaldunak izan daitezen.

Jardunaldia apirilaren 4an

Indarrak batu dituzte eta ekintza batzuk lotuta dituzte jada; esaterako, irakasleekin lanean hasiko dira metodologien inguruan eta Elhuyarrek saio batzuk eginen ditu Egian (lehena, apirilaren 9an). Apirilaren 4an, jardunaldia eginen dute Donostiako Koldo Mitxelena aretoan, proiektuaren xehetasunak emateko. Elkarlana eta parte-hartzea hasieratik oinarri dituztenez, ikastetxeetako langile eta gurasoak, udaletako hizkuntza teknikariak eta interesa duten guztiak gonbidatu dituzte.

Elkarlan horren erakusgarri izan zen atzoko agerraldian jaso zuten babesa ere. Han izan ziren Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Dimako Ugarana eskolako ordezkari Zefe Ziarrusta eta Sortzen Ikasbatuaz-eko kide Bego Bitorika .

2012-13 ikasturtean, egoera aztertzeari eta sentsibilizazioari ekin zioten, eta egunerokoan erabiliko duten hizkuntza ezberdinen egoeraren diagnosia eta hizkuntza proiektua antolatuko duen hezurdura sortu zituzten. Orain bigarren etapan sartu dira eta egindako lana gizarteratu nahi dute. Prozesuaren bukaeran edozein tokitan praktikara eramateko Hizkuntza Proiektu Gida lortzea da helburua, edozein auzo eta herritan martxan jartzeko tresna.