GARA BILBO

Mandalain Ballet Biarritz taldeak klase irekia emango du gaur, Arriagan

Gaur, arratsaldez, Malandain Ballet Biarritz taldeak klase irekia eskainiko du Arriaga antzokian, Thierry Malandain maisu eta zuzendaria ere bertan egongo delarik. Nahi duenak har dezake parte klase irekian, 16.00etan antzokira joanez. Arriagako txarteldegira gerturatu eta gonbidapena eskatzea da egin beharreko gauza bakarra. Leku kopurua mugatua izango da. Aukera bikaina, beraz, konpainiaren eta Thierry Malandain bezalako koreografo ezagun baten lan egiteko modua zuzenean ikusteko, maisuak berak ere parte hartuko baitu saioan.

Klase irekia jasotzeaz gain, «Romeo eta Julieta» lanaren zati bat ikusiko dute gerturatzen direnek. Amaieran parte hartzaile eta artisten arteko solasaldia ere egongo da. Bidenabar, gogoratu bihar dela Mandalain Ballet Biarritzen «Romeo eta Julieta» ikuskizuna ikusteko azken eguna, 20.00etatik aurrera.