Hondakinen alorrean Gipuzkoa «aitzindari» da Errazkinen aburuz

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak herrialdeko errealitatearen berri eman du Gasteizko Legebiltzarrean. Hondakinen kudeaketan «aitzindari» direla nabarmendu du bertan, datuak eskuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin Gasteizko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordean izan zen atzo, herrialdeko errealitatearen berri emateko eta hondakinen alorrean egiten ari diren kudeaketaren gaineko xehetasunak ezagutarazteko. Hala, Gipuzkoa zabortegirik eta erraustegirik gabeko eredua lantzen ari dela adierazi zuen eta, horregatik, hondakinen kudeaketari dagokionez bederen Gipuzkoa «aitzindaria» dela nabarmendu zuen.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietarekin batera egin zuen agerraldia Errazkinek. Joan den ostiralean Aldundiak berak 2013ko birziklapen datuen inguruan atera zuen informazioa gogora ekarri zuen, 2009tik 2013ra birziklapen datua «ia bikoiztu» egin dela nabarmenduz. Zentzu horretan, iaz birziklatze tasa %38koa izan zela adierazi zuen, egun %40ra iritsi dela gaineratuz. 2009an, aldiz, %22,5ekoa zen.

Bereziki azpimarratu zuen beste datuetako bat zabortegietara eramaten den hondakin kopuruarena izan zen: 190.000 tona hain zuzen ere, %31 gutxiago 2007ko datuak kontuan hartzen badira. Azken datu horrek Zubietako erraustegi proiektuaren «zentzugabekeria» agerian uzten du, Errazkinen ustez. «Erraustegia 260.000 tona hondakin erretzeko diseinatuta zegoen eta, iaz, 190.000 izan genituen», zehaztu zuen.

Gainera, Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra kontuan hartuz gero, 2016rako egin diren aurreikuspenen arabera sortutako errefus tona 127.000era murriztuko litzatekeela argitu zuen. Horregatik, eta alor honetan sortu diren eztabaida «antzu» eta «interesatuak» alde batera utzita, argi du Errazkinek Gipuzkoa «norabide egokian» doala hondakinen kudeaketan. «Gero eta gehiago birziklatzen ari gara. Konpostajean ere salto handia ematen ari gara. Gipuzkoak behar dituen azpiegiturak eraikitzen ari gara», nabarmendu zuen.

Donostia ere bidea egiten

Amara eta Groseko egokitzapen faseak amaituta, edukiontzi marroia Donostia osora hedatzeko bideak bere bidea egiten jarraitzen du. Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak aditzera eman zuenez, aipatu egokitzapen fasea «ondo» amaitu da. «Sistemak behar bezala funtzionatzen duela baieztatu dugu eta hiri osoan zabaltzen hasiko gara», adierazi zuen. Herritar guztien konpromisoarekin, helburua 2016an %60ko birziklatze tasara iristea dela gogoratu zuen.

Ildo horretan, Egian, Morlansen eta Erdialdean sistema berrian parte hartzeko izena ematen duten bizilagunek txartelak, kuboak eta poltsa biodegradagarriak datozen egunetan jasoko dituztela zehaztu zuen; edukiontzi marroiak apirileko azken astean ezarriko dira. Horretarako, jokogarbia.donostia.org helbidean eman beharko dute izena herritarrek.

Edukiontzi marroiaren ezarpena egin ahala, informazio puntuak jarriko dira hiri osoan zehar espezializatutako monitoreekin. Horietan herritarrek bilketa sistemaren nondik norakoak ikasi ahal izango dituzte. Guztira, 80 informazio puntu ezarriko dira Donostia osoan zehar.