Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Krisia bukatu da, festarako prest?

Krisiaren bukaeraren mezua errealitatearekiko loturarik gabeko mezua da, baina pentsamendu baikorraren araberako fikziozko paradisua da. Aurrera egiteko aukera eskaintzen du, birtualki bada ere

Krisiaren bukaeraren mezuak ugaltzen hasi zirenean inork ez zuela irentsiko pentsatzea izan zen ene lehen erreakzioa. Ondorioak egunoroko bizitzan hain nabarmenak izanik, nola sinetsarazi gaizki dagoen norbaiti makurrena pasa dela. Nola pentsarazi langabe bati etorkizun ilusionagarria iritsi dela. Zaila zen onartzea etxea galdu duen pertsona batek halako mezuak aintzat hartuko lituzkeela.

Ene lehen iritzi hori aldatzen ari naiz, berriz. Izan ere, ene harridurarako, atzematen ari naiz oinarririk gabeko mezu baikorrak, doi-doi bada ere, zabaltzen eta errotzen ari direla batzuen artean. Ikusten ari naiz, oraingoan ere, ez dela gutxietsi behar jendea engainatzeko ahalmena.

Bizi garen munduan, balkoia ireki eta zerura begira beharrean, ordenagailua, tableta ala telefonoa piztu eta internetera doaz batzuk eguraldiaren berrien zain. Eta norberaren egoera edota ingurukoena ilundu arren, telebistan agertzen den argiari begira gelditzen dira beste batzuk, liluraturik. Espektakuluaren erresuman, krisiaren errealitatea krisiaren gainditzearen antzerki saioaz lehiatzen da. Eta, sinesgaitza izan arren, galtzeko arriskuan dago.

Ez genuke hain erraz baztertu beharko, beraz, iruzurraren arrakastaren aukera. Badakit krisiaren kolpeak izugarriak direla, jende askoren bizitza hankaz gora utzi dutela, eta miseriatik gertu, miseriaren erdian ez bada, bizi direla herritar asko. Baina badakit, halaber, sistemak panorama birtual xarmangarriak sortzeko gaitasun handia duela.

Aurrefabrikatutako optimismoa, errorik gabeko ilusioa, posizioak igotzeko ahalmena: azokaren eredua, hau da, kapitalismoak motibazioa baliatzen du zapalkuntza estali eta zapalduari bere egoeraren ardura leporatzeko.

Lana galdu baduzu, zure errua da: bila ezazu beste bat! Zertarako balio du borroka egiteak? Zer lortzen da kexaka ibiliz, jendartearen egitura zalantzan jarriz? Zertarako murgildu krisian hobekuntza irudikatzeko aukeraren aurrean? Berdin da begien aurrean duzuna, itxi itzazu eta beste argazki bat ikustatu! Hartu jarrera baikorra eta hala erantzunen dizu bizitzak. «Irri egin ala hil zaitez» liburuan Barbara Ehrenreichek ekarpen interesgarria egiten du pentsamendu baikorraz eta diruaren eta enpresen alde egin den erabilpenaz. Lanik gabe utzitako jendeari protestarik egin ez eta joko arauak kolokan ez jartzeko esaten zaio. Borondatez dena lor daitekeela eta, horrenbestez, arazoak ez dira sistemarenak, norberarenak baizik.

Baikor pentsatzeko joera, egia esan, asko zabaldu da. Eta jende askok ilusioak behar ditu, bere egunoroko bizitzan dena hondamendia bada ere. Batzuetan, horregatik, hain zuzen!

Krisiaren bukaeraren mezua errealitatearekiko loturarik gabeko mezua da, baina pentsamendu baikorraren araberako fikziozko paradisua da. Aurrera egiteko aukera eskaintzen du, birtualki bada ere. Ez da kasualitatea noiz eta orain, krisiaren bukaera dekretatu delarik, enprendedorearen mitoa bultzatzea.

Pentsa dezagun baikor, izan gaitezen optimista, krisia bukatu da. Festarako prest?