Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Gure 0 km-a ez dago Madrilgo Sol plazan

Erregimenaren kontrako protesta batek monarkia zentralistaren leku garrantzitsua aukeratu zuen, borboien errepide sarean bezala, protesta sare erradikalak zabaltzeko, Madril buru

Borboiaren abdikazioaren berria ezagutu eta bizkor ibili ziren batzuk, nondik eta Madriletik, «Espainiako hiriburu guzietan» mobilizazioak deitzeko, hirugarren espainiar errepublikaren alde, jakina. Bandera espainol errepublikazaleak ugaldu ziren, baita Euskal Herrian eta Katalunian ere, ikurrina eta esteladekin batera, monarkiaren kontrako haserre giroan, iruzur berriari aurre egiteko. Oportunismo galanta erakutsiz, euskal edota katalan errepublika independenteen alde kaleratu ginenak espainiar errepublikaren aldekoen artean sartu gaituzte batzuek. Badira, gainera, geure herrietako eskaera «nazionalistak» alde batera utzi eta denon («espainiarron») errepublika batera lortu behar dugula esaten digutenak. 0 kilometroaren ikuspegia deitzen diot nik horri.

0 kilometroa Madrilgo Sol plazan dago eta ongi islatzen du Estatuko errepideen sarea -eta estatu eredua bera- nola egin zen. 1769ko Errege Agindu baten arabera erabaki zen neurriak Madrilgo leku horretatik hartzea. Borboiek inposatu zuten komunikazio sare erradiala, erresuma hobeki kontrolatzeko eta Madril hiriburu gisa sendotzeko.

Ordutik, 0 kilometroa (izendapena gerora etorriko zen, jakina, neurria bestelakoa baitzen XVIII. mendean) ikur indartsua bilakatu da. Frankismoaren garaian Segurtasun Zuzendaritza Nagusia bertan zegoen eta torturaren historian leku berezia dauka, diktadorea hil aurretik nahiz ondotik.

Sol plazan bildu ziren maiatzak 15 zituelarik (15M) krisialdiaz eta erregimenaz nazkatutako lagun asko. Beste hainbat plazatan ere egin ziren akanpadak, baina Solekoak hartu zuen nagusitasuna. Erregimenaren kontrako protesta batek monarkia zentralistaren leku garrantzitsua aukeratu zuen borboien errepide sarean bezala, protesta sare erradikalak zabaltzeko, Madril buru.

Askotan, estatu baten kritikak estatu horren oinarri eta joerak luzatzen ditu, nahi gabe, eta, gainera, konturatu gabe. Michael Billig ikerlariak idatzi duenez, estatu nazionalismoek ez dute bere burua nazionalistatzat hartzen, baina estatu bat mantentzeko izugarrizko lana egiten dute, ezarritako nazio-estatuen «nazionalismo banala» deitutakoa.

Oraingoan ere, Borboi batek beste bat ordezkatu nahi duelarik, espainiar nazionalismo banalaren eragina atzematen da, 0 kilometroaren ikuspegiaren araberako erantzunen bidez.

Estatu mailako espazialitatea ez da neutroa, ezta naturala ere, inposizio, ukapen, asimilazio (ezkutu edota bortitza) eta errepresioaren ondorioa baizik. Hori dena natural gisa hartzen duenak, ikusi ere egiten ez duenak, nekez egin dezake espainiar Estatuaren gaur egungo erregimenarekiko benetako hausturarik.

Espainiar nazionalismo inposatzailearekin hautsi nahi ote duten erabaki behar dute. Egiten ez duten bitartean, haiek ere Madrilgo Solen izanen dute 0 kilometroa, eta Rajoyk bezala, esanen digute «espainiar guziok» erabaki behar dugula Euskal Herriaren edo Kataluniaren etorkizuna.

Guk geure bidea dugu eta 0 kilometrorik baino, kilometro aniztasuna nahiago, eskuak lotuz eginen dugun kateak beteko dituenak, esaterako.